Berdintasunaren Aldeko III. Futbol Txapelketa jokatuko da larunbatean
Infantil mailako nesken arteko txapelketa izango da, hamaikako futbolean. Beasainen, Lazkaon, Ordizian eta Idiazabalen jokatuko dira partidak. Hamasei taldek parte hartuko dute.
Goierri Gorri Futbol Klubak Berdintasunaren Aldeko Futbol Txapelketa antolatu du aurten ere. 3. edizioa izango da, eta larunbatean jokatuko da. Infantil mailako nesken txapelketa izango da, eta Goierriko lau zelaitan jokatuko da. Goizean sailkatze faseak izango dira eta arratsaldean, finalak.
Hamaikako futbolean ariko dia hamasei taldetako jokalariak. 300 bat jokalarik parte hartuko dute. Lau multzotan banatu dute lehen fasea. Multzo bakoitzeko lau taldek zelai berean jokatuko dute, elkarren aurka. Tolosak, Goierri Gorri Bk, Goierri Gorri Ak eta Beti Kozkorrek Beasaingo Igartzan jokatuko dute; Realak, Goierri Gorri Ck, Leintz Arizmendik eta Intxaurdi Ak, Lazkaoko Arizti Haundin; Zarautzek, Goierri Gorri Dk, Añorgak eta Hernanik, Ordiziako Altamiran; eta Urolak, Goierri Gorrik, Intxaurdik eta Aiztondok, Idiazabalgo Arizkorretan.
Bazkaria Lazkaoko plazan
09:00etatik 14:00etara izango da aurreneko fasea, aipatutako lau zelai horietan. Lehen faseko partidak 30 minutukoak izango dira, atsedenik gabe. Zein talde sailkatuko diren erabakiko da. 13:00etatik 16:00etara, parte hartzaile guztiei bazkaria eskainiko zaie Lazkaoko plazan, eta sailkatu ez diren taldeei sariak banatuko zaizkie.
Eguerdiko otorduaren ondoren, goizean zelai bakoitzetik onena izan den taldea pasako da finalera. Hala, lau taldek jokatuko dituzte finalak, 16:00etatik 19:00etara, Lazkaon, Arizti Haundi zelaian. Finala 40 minutukoa izango da, 20 minutuko bi zatitan banatuta.