Garagardo festa antolatuko du Etxeratek Ataunen, bi egunetan
San Gregorioko plazako frontoian izango da. Bederatzi garagardo mota desberdin jarriko dituzte. Bi egunetan DJek girotuko dute gaua.
Etxerat elkarteak Ataungo I. Garagardo Festa antolatu du. Bi egunetan izango da, San Gregorioko plazako frontoian. Lehenago, gazte asanbladak garagardo dastaketa gidatuak egin izan baditu ere, aurreneko aldia da halako azoka edo ekimen bat Ataunen egingo dutena.
Ostiralean eta larunbatean, 18:00etatik aurrera izango da garagardo mota ugari dastatzeko aukera. Janaria ere prestatuko dute, bertan afaltzeko. Pitxarra 2 euroan eta garagardoak 4 euroan egongo dira. Jateko, txerri ukondoa patata purearekin, bi saltxitxako arrazioa, eta patata frijituak salduko dituzte.
Edateko, berriz, bederatzi garagardo mota desberdin jarriko dituzte: Legorretako Basabe etxearen hiru (Pilsen, Kortatu Session eta Legorreggae), Brew&Roll nafarraren bi (Apolo eta The Witch markak), Bilboko La Salveren beste bi (Lucia eta Munich motak), Hoegaarden gari-garagardoa eta Stella Artois. Alkoholik gabeko Mahou 0,0 txigortua ere eskainiko dute.
Festa giroa, musikarekin
Jan-edanaz gain, musika emanaldiak ere antolatu dituzte, bi egunetako bakoitzerako bana. Bihar, ostirala, DJ Balins ataundarra (Iñigo Baliño) arduratuko da musikaz. Larunbatean gauean, berriz, Beasaingo nesken DJ Expuela. Bi musika emanaldiak 22:00etan hasiko dira.
Beste herri batzuetako esperientziari begiratuta, Ataunen ere «proba» egitea erabaki du Etxerat elkarteak, Joxe Mari Zabaletak aurreratu dutenez, urteko ekimenak finantzatzeko diru iturri izateko. «Ea jende pixkat inguratzen den. Esperimentu bat izango da. Gauza ezberdinak egiten ditugu urtean zehar, eta hau ere probatu nahi dugu, ea zer moduz ateratzen den».
Berrogei bat lagun ariko dira lanean. Egun bakoitzean bi txanda antolatu dituzte, eta boluntarioekin bete dituzte dagoeneko. Goierritarrei joateko deia egin diete.