Goierriko irakurle taldeek ohiko topaketa egingo dute larunbatean Itsason
Bosgarren urtez egingo dute topaketa. Goierriko bederatzi herri ezberdinetako 45 lagun elkartuko dira. Anjel Lertxundi idazlea izango da aurtengo idazle omendua.
Goierriko irakurle taldeek urteko hitzordu garrantzitsuetako bat dute etzi, Itsason —17:00etatik 19:00etara—. Iaz, Ataungo Otso irakurle taldearen eskutik lekukoa jaso eta gero, Itsasoko irakurle taldeari egokitu zaio aurtengo topaketa antolatzea. Anjel Lertxundi (Orio, 1948) idazlea da aurtengo gonbidatua eta bere azken saiakera lana Desertua behatxuloan izango dute hizketagai.
Itsasoko irakurle taldeko kide Pilare Muxikak aurreratu duenez, Goierriko bederatzi herrietako ordezkariak bilduko dira Itsason: Urretxu, Zumarraga, Beasain, Ordizia, Ataun, Ormaiztegi, Gabiria, Idiazabal eta Itsasokoak; «45 bat pertsona bilduko gara guztira», zehaztu du.
Irakurzaletasuna dute komunean guztiek: «Irakurketaz gozatzeaz gain, irakurritakoa elkarrekin partekatzeak norberaren ideiak aberasten ditu. Beste maila batera eramaten gaituzte mota honetako ekimenek», esan du. Era berean, «oso interesgarritzat» jo du zerk batzen dituen ikusteak eta harreman hori mantentzeko gai izateak.
Beasainen du jatorria
Itsasoko elizan eta goiko plazan banatuta, bospasei laguneko zortzi taldetan banatuta emango diote hasiera topaketari, Lertxundiren lana aztergai dutela. Idazleak mintzaldi labur bat eskainiko die gero, eta galdera-erantzunen tartea irekiko dute ondoren. Lertxundiri omenaldia egin eta gero, lekukoa pasako zaio datorren urtean topaketa antolatuko duen herri edo irakurle taldeari. Momentuz, sekretupean mantendu nahi dute izena.
Etzikoa, Goierriko irakurle taldeen bosgarren topaketa izango da. Beasainen egin zuten lehena eta dagoeneko, Urretxu-Zumarragan, Ordizian eta Ataunen ere egin dituzte.