Idiazabalen egingo dute aurten ere artile bilketa, ekainaren 14an
Artzain eta baserritarrek Lurgintzara deitu behar dute artilearen entrega ordua zehazteko. Finantzaketaren zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du, eta bestea artzainek. Kostua ardi kopuruaren araberakoa izango da.
Idiazabalen, Gorrotxategi oilo etxaldeak zeuden tokian, egingo da aurten ere Goierriri dagokion artile bilketa, ekainaren 14an. Abelur, Lurgintza eta Landaola federazioa elkarteek –tartean dago Goimen– antolatu dute bilketa kanpaina, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Finantzaketaren zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du, eta bestea artzainek.
Kostua ardi-kopuruaren araberakoa izango da. Tarifek diru-laguntza aplikatuta daukate.
ARTALDEA | KOSTUA (BEZa barne) |
1-50 | 38,25 |
51-100 | 63,80 |
101-150 | 89,30 |
151-200 | 114,80 |
201-250 | 140,30 |
251-300 | 165,80 |
301-350 | 191,30 |
351-400 | 216,80 |
401-500 | 267,80 |
501-600 | 318,85 |
601-700 | 369,85 |
701 | 421,60 |
Artzain eta baserritarrak 696 433 602 zenbakira deitu behar dute txanda hartzeko, eta entrega egunean dagokion tarifa ordaindu izanaren egiaztagiria eraman behar dute.
BETEBEHARRAK
- Artzainak bere izena, deiturak, helbidea eta NAN eman beharko ditu, eta bat etorri beharko du artalde hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren kanpainako datuetan erregistratuta dagoen izenarekin. Informazio hori beharrezkoa da faktura egiteko. Faktura hau, garrantzi handiko dokumentua bihurtuko da erakundeen aurrean (ikuskapenetan) artilearekin zer egin den adierazteko garaian.
- Artzainak azken erroldan zenbat ardi dituen adieraziko du.
- Artzain bakoitzak artilea entrega-lekura esandako orduan eramango du.
- Zakuak artzainak berak hustu beharko ditu, artilea suelto utzi behar da.
- Entrega gunean sartzean, artzainak dagokion zenbatekoa ordaindu izanaren egiaztagiria erakutsiko dio bertan dagoen arduradunari. Horrek esan nahi du artzainak entrega egin baino lehen ordaindu beharko duela. Egiaztagiri hori ezean ez da artilerik jasoko. Ordainketa egiteko kontu zenbakia hauxe da: CAJA RURAL ES50 3008 0152 6549 2039 5821 eta jarri beharreko kontzeptua: Izen abizenak + baserria.
- Entrega egin ondoren, entrega-leku horretako antolatzaileak faktura bat emango dio.
Bilketaren antolatzaileak jakitun dira “egindako proposamenak artzainen ahalegin handiagoa eskatzen” duela, “baina profesional kopuru handia kudeatzeak ere kostu handiak dakartza, eta ahal den neurrian, mugatu behar ditugu”.
Artilea jaso ondoren, kamioi berezi batean eramango dute Nafarroara (Sandach produktua delako). Kargatzeko luma-kamioi bat behar da, eta, gainera, produktua eramaten den enpresan tasa bat ordaindu behar da.