Kultur arteko festa eta bertako artisauen azoka, Ekain Kulturalaren muina
Bederatzi herrialde eta hiru erkidego autonomo egongo dira ordezkatuta kulturarteko festan. Bost artisauen hartuko dute parte azokan. Eguerdira bitarte, hainbat ekintza daude igandean.
Martxan da, beste urte batez, Ekain Kulturala egitasmoa Ormaiztegin. Pasa den ostiralean hasita, ekainaren 23ra arte, egitarau zabala prestatu dute aurten. Tartean, igande honetan egingo den festa izango da ekimen parte hartzaileena: Kulturen arteko 5. festa eta bertako artisauen 7. azoka. Prestaketa lanetan dabilen talde eragilek atzo arratsaldean egin zuen aurkezpena Ormaiztegiko plazan.
Herrian gero eta indar handiago hartzen ari dira bai kulturarteko festa, baita bertako artisauen azoka ere. Horren adibide da antolakuntza lanetan bildu den herritar kopurua: «lauzpabost bilera egin ditugu dagoeneko, eta jende askok hartu du parte. Pozik gaude parte hartzearekin, baita jendeak erakutsi duen inplikazio mailarekin ere», esan du Ane Aranburuk, Ormaiztegiko kultura teknikariak.
Aniztasunari balioa eman
Kulturarteko 5. festan bederatzi herrialde ezberdinetako jatorria duten herritarren eta Espainiako hiru erkidego autonomoetako bizilagunen ordezkaritza izango da aurten: «Argelia, Kolonbia, Kuba, Ekuador, Euskal Herria, Maroko, Nigeria, Senegal, Venezuela, Madril, Extremadura eta Burgos». Ormaiztegin, guztira, 21 herrialde ezberdinetako jatorria duten pertsonak bizi dira: «Aniztasun hori ikusarazi eta kultura eta ohitura ezberdinak ezagutzera ematea» dira, hain zuzen, festa honen helburua.
Jatorri ezberdinetako plateren dastaketa, zuzeneko musika, jatorrizko jantzien desfilea eta dantzak, haurrei zuzendutako ekimenak, etab. izango dira goiz osoan zehar. Pintxoak 1,50 euroan salduko dituzte aurten, helburu solidarioekin: «Euro bat Serso San Viator Euskal Herria gobernuz kanpoko erakundearentzat izango da eta gainontzekoa prestaketa lanetan dabilen lan taldearekin irteera bat egiteko erabiliko da, elkar ezagutza eta integrazioa bultzatuko duen jarduera moduan ulertuta».
Bestetik, bertako artisauen azokan, bost artisauek hartuko dute parte igandeko festan: «Ormaiztegiko Anjel Elortza argazkilariak, Cosmo artisautzak eta Panpoxa bitxiak eta Gabiriako Araiz bitxiak eta Kurkubik».
Gustu adina ekintza
Ekain Kulturalaren baitan, dena den, beste molde eta tankerako hamaika ekintza ere badaude aurreikusita. Herritik datozen ekintzak errepikatuko dira beste behin, «eskolako ikasturte amaierako festa, kalean josteko eguna, zikloturistak martxan…», baina badira berrikuntzak ere. Azpimarratzekoen artean Jennifer Arevalo Da Silvaren Emakume jaio zara-Hilerokoa izango duzu-Ama izango zara erakusketa edo Berjaldegi auzoko lehenengo festa eguna.
EKAIN KULTURALA. EGITARAUA
GAUR. EKAINAK 8
- 08:00-20:00. Arnedora egun pasa. Oin-Harriak jubilatu elkarteak antolatuta.
BIHAR. EKAINAK 9
- 18:30. Ikasturte amaierako kontzertua plazan.
ETZI. EKAINAK 10
- 07:00. Zikloturista martxa Errioxara.
- 12:00etatik aurrera. Berjaldegi auzoko festa eguna.
IGANDEA. EKAINAK 11
- 11:30-14:30. 5. Kulturarteko festa, bertako artisauen 7. azoka.
EKAINAK 12
- 18:30. Emakume jaio zara-hilerokoa izango duzu-ama izango zara solasaldia Jennifer Arevalo Da Silvarekin, areto nagusian.
EKAINAK 13
- 18:00. Literatur solasaldia gizarte etxeko belardian.
EKAINAK 14
- 17:00. Tomaxen abenturak ikuskizuna plazan.
EKAINAK 15
- 19:30. 7. Musikale: Aiert Alberdiren kontzertua plazan.
EKAINAK 16
- 16:30. Guztiok gara migratzaile erakusketa Zumalakarregin.
- 18:00. Eskolako festa plazan.
EKAINAK 17
- 12:00. II. Gazte Eune, plazan.
EKAINAK 23
- 20:00. Tantaia jartzea.
- 22:00. San Joan bezperako ikuskizuna.