«Testuinguruaren arabera, kode alternantziaren erabilera desberdina da»
Euskaltzaindiak banatzen duen Mintzola bekaren onuradunetako bat da Maddi Aiestaran (Beasain, 2001). Beasaingo gazteen euskararen ahozko erabilera aztertu du.
Euskarazko ahozko jarduna ikertzeko zortzi egitasmo saritu ditu Euskaltzaindiak, eta horietako bat da Maddi Aiestaran beasaindarraren proiektua. Gradu eta master amaierako lanak onduko dituen ikertzaile bakoitzak 1.500 euro jasoko ditu, eta irailaren 29ra arteko epea dute lanak sakontzeko.
Mintzola bekaren onuradunetako bat zara, eta horri esker ahozko euskararen inguruko ikerketa egiteko aukera izan duzu.
Euskal filologia ikasten ari naiz eta gradu amaierako lana izan da. Euskaraz egiten den ahozko jarduna da Mintzolaren lan eremua, batez ere, euskarazko eguneroko hizkera. Ahozkotasuna oso errealitate zabala da; hasi mahai inguru batetik, edo edozein lagun arteko solasetik, hitzaldi bat… hizkera eta hizketa hartzen ditu.
Zuk non ipini duzu fokua?
Lagun arteko gazte batzuen solas librea ikertu dut. Beasaingo gazteen kafe tertulia izenburua ipini nion lehenik, baina orain, Beasaingo gazte hizkera aztergai, testuinguruaren eragina kode alternantzian da egindako lanaren goiburua. Izan ere, gazteen kode alternantzian jarri dut arreta.
Zein izan da metodologia?
Hasiera batean ideia zen kafe baten inguruan lagun batzuk elkartu eta hor sortzen zen hizketaldia grabatu, idatzi eta aztertzea. Lehenengo ideia hori eboluzionatu eta bigarren testuinguru batean ere egin dut ikerketa, lagun arteko kotxe bidaia batean.
«Lagun batzuk elkartu eta hizketaldia grabatu, idatzi eta aztertu ditut»
«Ikerketa ez dut baztertzen. Hizkera aztertzea interesgarria zait»
Zein da egin duzun lanaren funtsa?
Analizatu ditut gazteak lagun artean eta familian. Konparazio horrekin nahi nuen ondorioztatu, lagun arteko hizkera horrek zein ezaugarri edo desberdintasun dituen. Horretarako, grabatu ditut lagun talde bat kafea hartzen eta kotxe bidaia batean. Eta berdin egin dut, baina familia giroan, bazkari batean eta kotxe bidaia batean.
Alderik nabaritu duzu komunikazioan?
Esan bezala, fokua jarri dut kode alternantzian. Kode alternantzia da diskurtso berdinean kodez aldatzea, hizkuntza txandatzea. Gure kasuan, gaztelania eta euskara txandakatzen dira asko. Konturatu naiz, gaztelaniatik baliabideak hartzeko joeraz, funtzio desberdinekin.
Zein testuingurutan antzeman duzu gehien joera hori?
Lagun artean. Hipotesia zen lagunartean kode alternantzia gehiago ematen dela, eta ikerketak baieztatzen du hori.
Zenbat?
Kode alternantzia kuantitatiboki askoz ere gehiago, ia doblea erabiltzen da lagun artean. Eta kualitatiboki ere, errepikapen gehiago azaltzen dira.
Eta lexiko aldetik?
Lexiko aldetik ere desberdintasuna dago, lagun artean egon edo familia artean egon. Bereziki desberdintasuna ikusi dut baliabide lexiko eta sintaktikoetan. Eta baliabide pragmatikoak, nahiko antzekoak erabiltzen direla. Hau da, diskurtso markatzaileen (sin mas, en plan…) erabilera handia dela.
Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?
Lagun arteko hizkeran, enfasia emateko erabiltzen dira, batez ere. Familia artean, iruzkin gutxiago daude eta hitz txandak, ordenatuagoak dira.
Lana amaitutzat ematen duzu?
Gradu amaierako lana entregatu badut ere, irailera arte proiektuan sakontzen jarraituko dut, lan osatuago bat egiteko. Hainbeste dira erabiltzen diren baliabideak, guzti-guztiak ziurrenik ez, baina gehiagoren inguruan ere egin nahi dudala lanketa.
Euskal filologia gradua amaitu berri, ikerketan lanean jarraitu nahiko zenuke?
Ikerketa ez dut baztertzen. Hizkera aztertzea interesgarria zait. Baina master bat egitea da nire asmoa, eta ondoren ikusiko dut.












