Txomin Perurenari Ordizian egindako omenaldia bideoan
Txirrindulari oiartzuarra gaur hil da 79 urterekin, gaixotasun baten ondorioz. 2017ko Marino Lejarreta Klasikoan eta iazko Ordiziako Klasikoan omendu zuen Txapel-Gorri elkarteak Perurena.
Txomin Perurena txirrindulari oiartzuarra hil da gaur 79 urterekin, gaixotasun baten ondorioz.
Hamasei urteko ibilbide luzea egin zuen bizikleta gainean (1963tik 1979ra), eta hainbat lorpen eskuratu zituen, besteak beste KAS, Fagor eta Orbea taldeekin.
158 garaipen lortu zituen guztira, baina esanguratsuenak Espainiako Vueltan, Euskal Herriko Itzulian eta Italiako Giroan lortu zituen. Hamabi eskuratu zituen Vueltan, 11 Itzulian eta bi Giroan. Espainiako Vuelta irabaztetik gertu izan zen 1975ean, eta laugarren, bosgarren eta seigarren ere izan zen 1977an, 1974ean, eta 1972an, hurrenez hurren. 1974an mendiko sailkapena irabazi zuen Frantziako Tourrean.
Ordizian ere txirrindulari kuttuna zen oiartzuarra. Hirutan irabazi zuen Ordiziako Klasikoa, 1971n, 1972an eta 1976an. Iazko Klasikoan txirrindulari omendua izan zen oiartzuarra, baita 2017ko Marino Lejarreta Klasikoan ere –bideoaren azken zatian daude irudiak–.