Zaldibiako pasarteak bertsoz kantatuko dituzte, saio berezian
Herrimamituz izenburudun bertso emankizun berezia izango da, bihar, Zaldibian, Zaldibiako Bertsozale Elkarteak (Zabel) antolatuta. Herriko pasarteak kontatu eta gai bihurtuz, «herrien mamia bertsoz azaleratzeko ariketa jolastia» da Herrimamituz ekimena, herririk herri darabiltena. Andoni Egaña eta Iñigo Mantzisidor Mantxi ariko dira kantari, Xabier Alberdi historialariak lagunduta. Zaldibiako plazako frontoian, bihar 22:30ean da saioa; euria bada, antzokian. Sarrera, saioan bertan ordaindu ahalko da, borondatea.