Oilar Jokoa hurrengo ostegunean da aurten, Korpus Zortzigarrenean
Herriko plazan jokatuko da, 19:00etatik aurrera, Goiz Deia txistularien Tranta-tranka doinuaren laguntzarekin. Lehen saria oilarra bera zen, baina orain 20 euro da.
Korpus Zortzigarrena ekainaren 15ean egokitu da aurten, eta Legazpin tradizioak agintzen duen bezala, Oilar Jokoa egingo da ostegun horretan. Legazpiko Udalak antolatu du berriz ere, eta herriko plazan egingo da.
Oilar Jokoa 19:00etan hasiko da, eta Goiz Deia txistulari bandak joko duen Tranka-tranka doinuaren laguntzarekin egingo da. 12 urtetik gorako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute. Jokoa hasi aurretik bertan azaldu besterik ez dute egin behar. Saria 20 eurokoa izango da, garai batean jokoaren protagonista den oilarra bera izaten bazen ere. Udalak animatu egiten ditu legazpiarrak bertan parte hartzera.
Ezpata soinean dutela, lurrean markatutako bide bat egin beharko da oilarra dagoen tokiraino iristeko. Txistularien Tranka-tranka eta publikoaren algarak izango dituzte lagun zirkuitutik ez ateratzeko. Oilarrarengana iritsitakoan, ezpatarekin borobil bat marraztu beharko da airean, bere gainean.
Iaz Nora Gutierrez Igayk irabazi zuen Oilar Jokoa.