Xaukena, herrietako jaiak alaitzeko gogoz beteta
Elektrotxaranga berri bat sortu da Goierri garaian, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako hamar musikari gaztez osatuta. Itsasondon egin dute debuta asteburuan, eta udarako agenda betetzen ari dira.
Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako hamar gazte dira, musikariak denak, eta herrietako jaiak eta kaleak alaitzeko gogoz beteak. Xaukena elektrotxaranga osatu dute, eta Itsasondon egin zuten debuta aurreko asteburuan, Gazte festen barruan.
Itsasondokoaren ondoren, Urretxun bihar Fox tabernan 19:30ean eta hilaren 23an, UZ Gaztetxearen urteurrenean joko dute; Antzuolan, hilaren 16an, jaietan; Ormaiztegin, hilaren 17ko Gazte egunean; Legazpin uztailaren 1ean, Futbol-7 txapelketaren finaleko festan… Hortik aurrera, uda luzea datorkie.
Elektrotxaranga bat
‘Besterik ez zegok!’ adierazteko Oñatiko gazteek erabiltzen duten ‘Xaukena xauk!’ esamoldetik hartu zuten Xaukena izena Goierri garaiko musikari gazte hauek elektrotxaranga formatua duen taldearentzat.
«Txaranga tradizional bat elektrotxaranga bihurtzeko, ohikoak diren haizezko instrumentuei tresna elektrikoak gehitzen zaizkie», azaldu du taldeko kide den Jon Altolagirrek. Instrumentu horientzako argindarra lortzeko, sorgailu bat behar dute, eta hori karro batean eramaten dute anplifikadoreekin eta mikroen mahaiarekin batera.
Xaukenak bi tronpeta, tronboi bat eta saxofoi bat ditu, bi perkusionista eta gitarra elektrikoa eta bajua ere bai, baita trikitixa bat ere. Abeslariak osatzen du hamarrekoa.
Neskak eta mutilak dira, 17-26 urte bitartekoak, baina gazteak izan arren, gehienak esperientzia badute musikaren munduan. Beste taldeetan ibiliak dira batzuk, herrietako musika bandetan ere jotzen dutenak badira, eta beste batzuek R Ke R elektrotxarangan jotzen zuten.
R Ke R-ren jarraipena
Hain zuzen, Legazpiko elektrotxaranga horrek Subeltzako lokaletan utzitako txokoan ezarri du egoitza talde berriak. «Esan daiteke R Ke R-ren jarraipena dela Xaukena».
Elektrotxarangetan ohikoa den errepertorioa lantzen dute, «erromeria inguruetan entzuten den musika, dantza egitekoa, rock euskalduna…», azken finean, «jai giroan entzuten den musika». Hori guztia prestatzeko entsegu ordu asko egin behar dira, baina «gustukoa dugu eta gogoz egiten dugu». Aurtengo otsailean hartu zuen forma R Ke R elektrotxaranga berpizteko proiektuak, eta «jendea errekrutatu eta gero», martxoan hasi ziren entseguekin.
Itsasondon egin zuten lehen emanaldia lehengo larunbatean, «betiko urduritasunarekin eta betiko akats guztiekin», baina pozik geratu ziren, «oso giro polita sortu zen». Talde berria izan arren, gainera, jarraitzaile ugari ditu dagoneko, «lagun oso onak ditugu!»
Lagun horien artean desagertutako R Ke R elektrotxarangako kideak daude, eta haiei eskerrak luzatu nahi dizkie Altolak, «karroa eta bestelako materiala uzteagatik».
Herriko edo auzoko jaiak eta bestelako festak alaitzeko Xaukenarekin kontatu nahi duenak, instagram bidez jarri daiteke harremanetan taldearekin: @xaukena_elektrotxaranga.