Aldarrikapena, jolasa eta jokoa berdintasunaren aldeko Goierri Gorriren futbol txapelketan
Infantil mailako neskek ere 11 jokalaridun futbolean joka dezaketela aldarrikatu dute; mutilek egiten duten bezala. Partidetan linierrak behar dituztela ere bai. Hamasei taldek parte hartu dute futbol lehiaketan, eta Añorgak irabazi du.
Goierri Gorri futbol klubak antolatutako Berdintasunaren Aldeko III. Futbol Txapelketa jokatu da, gaur, bailarako lau herritan. Gipuzkoako hamasei taldek parte hartu dute, infantil neskenak denak. Goizean, Lazkaoko Harizti Haundin, Idiazabalgo Arizkorretan, Beasaingo Igartzan eta Ordiziako Altamiran kanporaketa faseak izan dituzte. Multzo bakoitzeko onena arratsaldeko finalaurrekoetara sailkatu da.
Gipuzkoako 16 futbol klubetako 286 jokalari elkartu dira, guztira. Jokoaz gain, aldarrikapenak ere egin dituzte, Goierri Gorriko lehendakari Jose Inazio Lasak argitu duen bezala. Infantil nesken kategorian zortzi jokalaridun taldeekin jokatu behar izan dute, Futbol-8 deritzonean. Mutilak, aldiz, 11koan aritzen dira. Neskek ere F11n ederki joka dezaketela eskatzeko, aldarrikatzeko eta erakusteko izan da, batetik, gaurko txapelketa, 11ko taldeek jokatu baitute.
Bestetik, epaile nagusiaz gain, alboko marretan bi linierrekin aritu dira gaur. Hori ere ezohikoa da infantil nesken mailan. Berdintasuna, txapelketaren izenetik harago aplikatu beharrekoa dela ere garbi utzi dute, oraindik.
Añorga txapeldun
Goizeko sailkatze fasetik Goierri Gorri, Reala, Añorga eta Tolosa igaro dira, arratsalderako. Bien bitartean, partaide guztiak bazkaltzeko Lazkaoko plazan bildu dira, aurretik. Paellakada erraldoi bat prestatu diete, eta plazako alboko aterpean jan dute jokalariek, teknikariek, klubetako arduradunek eta antolatzaileek.
Arratsaldean, Harizti Handin, finalaurrekoak eta finala jokatu dituzte. Lehen finalaurrekoa Tolosa eta Realaren artekoa izan da, eta donostiarrak sartu dira finalera. Bigarrenean, Añorga-Goierri Gorri artekoan, bisitariak gailendu dira.
Hirugarren eta laugarren posturako partidan, Tolosak eta Goierri Gorrik bana berdindu dute arauzko 30 minutuetan. Penaltietan, goierritarrak suertatu dira irabazle, eta, ondorioz, txapelketako 3. postuaren jabe. Finala, berriz, Realaren eta Añorgaren artekoa, 20na minutuko bi zatiko partidan ebatzi da. Hasieran Añorga 1-0 aurreratu da, baina bigarren zatiko 9. minutuan berdindu egin du Realak. Minutu bat geroago, partidaren 30.ean, Añorgak 2-1ekoa sartu du, eta hala bukatu da partida.
Goierri Gorriren ereserkia, bihar
2022-2023 denboraldia bukatzeko biharko jardunaldia geratzen zaio Goierri Gorriri. Irantzu Aizpurua zenaren omenez Beasainen txapelketa antolatuko eta jokatuko dute. Futbolari ataundarra 2015eko maiatzaren 3an hil zen, Mexikon, zirkulazioko istripu batean. Harrezkero, haren oroimenez urtero antolatu ohi dute txapelketa.
Orain arte Goierri Gorriren eta Realaren artekoa izan bada, aurten Gipuzkoako hamabi talderen arteko torneo modura jokatuko dute. Zortzi talde gonbidatu, eta Goierri Gorriren beste lau ariko dira, Beasaingo Igartza zelaian, goizean.
Goierri Gorrik taldearen ereserkia ere aurkeztuko du, 11:00etan. Lehen aldiz entzun ahal izango da. Letrak Jon Aizpurua ataundarrak idatzi dizkio –Irantzuren aita–, eta musika Gilda taldeak konposatu du. Amagoia eta Maialen Aiestaran beasaindarrek eta Anabel Toral lazkaotarrek jotzen dute taldean.
Bazkariko eta arratsaldeko faseko argazkiak (Aimar Maiz):