Goierriko irakurle taldeek Itsason egin dute topaketa, Anjel Lertxundi irakurriz eta omenduz
Bailara guztiko 50 bat lagun izan dira urteko juntadizoan, Itsason. Anjel Lertxundiren 'Desertuan behatxuloa' liburuaz gogoetak partekatu, eta idazlearekin berarekin elkarbanatu dituzte.
Goierriko irakurle taldeen urtean behingo batzeko ohitura gaur berritu dute. Itsason izan da topaketa, iaz ataundarrek emandako lekukoari heldu eta arratsaldeko egitarautxoa antolatzeko ardura hartu ondoren. Itsasoko kaskoan, San Bartolome elizaren atariko gerizpearen freskuran egin dute ekitaldia. Anjel Lertxundi idazleari (Orio, 1948) aitortza eta omenaldi beroa egin diote.
Bailarako talde gehientsuenetako ordezkariak elkartu dira, 50 bat lagun guztira. Pilare Muxikak eta Anttoni Okarizek eman diete ongietorria. Sei multzotxotan banatuta, azken boladan denek irakurri duten Anjel Lertxundiren ‘çDesertuaren behatxuloa liburuak emandakoez hausnartu dute, lehenbizi irakurleen artean. Ondoren, Lertxundik hitzaldi bat egin du, eta harekin partekatu dituzte irakurle/idazle artekoak.
Omenaldia egiteko ere baliatu dute Goierriko irakurleek. Itsason bertan, Pott tailerrean egindako zeramikazko ikur bat oparitu diote. Bertso bat ere abestu diote –bost bertsolari iaio baziren, gutxienez, irakurleen artean–, eta hunkituta jaso ditu opariok Lertxundik. Zeramika pieza etxean jartzeko esan diotenean, hitz joko batekin erantzun du: “Itsasotik itsasora joango da”.
Taldeko argazkia atera, 2024an topaketa antolatzeko lekukoa Gabiriako irakurle taldeari eman diote. Blanca Lopezek hartu du itsasoarren eskutik langintzaren testigua. Datorren urtean denak hara joateko gonbidatu ditu. Itsasoko plazan mokadutxo bat janez amaitu dute juntadizoa, Desertuaren behatxuloa-rekin hasi eta Goierriren begiratoki zabal den gainean.
ELKARRIZKETA
ANJEL LERTXUNDI: “Idazle batek ez du erretirorik hartzen, beti egiten ari den lana hobetu nahi duelako”
-Goierriko irakurle taldeek Itsasora gonbidatu zaituzte gaur. Eta hemen zara.
Bai, aukera aparta da, batez ere hemen sentitzen dudan giroagatik. Hain zuzen, euskal literaturaren giro aparta dago, eta literaturenganako hemengo irakurleen atxikimendua. Nire ilusio guztiarekin etorri naiz, larunbat arratsalde eder bat pasatuko dudala pentsatuz, eta jada konprobatzen hasita nago.
-Sarri tokatzen al zaizu irakurle taldeetara joatea?
Garai batean bai, baina ni ez naiz gehiegi joaten. Gauez izaten dira normalean, eta jada ez dut kotxea erabiltzen, eta oso beharrezkoak ikusten ez ditudanak ez baldin badira, ez naiz gehiegi joaten. Garai batean, hasiera batean, bai. Oso giro polita da. Batez ere, ikustea gero eta irakurle gehiago daudela, ez bakarrik irakurri egiten dutenak, baizik eta irakurtzen duten horretan sakontzeko. Jardunaldi horiek horretarako balio izaten dute.
-Zer jasotzen duzue idazleek juntadizo hauetan?
Denoi gertatzen zaigu gauza bera, idazleoi ere bai: liburu bat irakurri, eta haren inguruko zerbait irakurtzen baldin baduzu, pista-arrasto batzuk bilatzen dituzu igual zuk harrapatu ez dituzun kontuak ere harrapatzeko, eta, nolabait, liburua gehiago osatzeko. Bigarren irakurketa batek osatzen duen bezala, taldeko lagunek egiten dituzten aportazioak ere denak irabazi dira, liburuaren aldeko eta idazle batek egin duen lanarekiko.
-Zer arrasto, adibidez?
Arrasto asko, baita ere, egin dugun lanari buruzkoak. Ez da bakar-bakarrik onarpena edo kontu horiek; behin baino gehiagotan apuntatzen dizkigute gauza batzuk harritu dituztenak, edo “hau ondo al dago?”, “zergatik ez zenuen beste modu honetara egin?”… Aportazio horiek guztiek ematen dizute, baita ere, arrasto bat, gero egiten duzun lanean gogoratzen zara: ‘halako tokitan niri aipatu zidaten ba hau…’, eta kontuan izaten duzu.
-Hemen aipatu dizute, orain dela 40 urte ere irakasle izan zintuztela zu. Ibilbide luzea bezain oparoa osatu duzu. Uzta jasotzeko modu bat ere badira horrelakoak, ala oraindik ere sorkuntza lanean jarraitzeko pizgarriak?
Hor badago zera bat, artista jendearengan eta, oso asunto inportantea: egiten duzun lan inoiz ez da definitiboa. Beti geratzen zara ez zaizula behar bezala irten. Nolabait, liburu bakoitza porrot bat dela –porrota, kakotxen artean–, ez duzulako perfekzioa lortzen. Orduan, idazle batek edo artista batek horregatik ez du normalean erretirorik hartzen; beti ere nahi luke egiten ari den lana hobetu. Nola ez zaren guztiz ados geratzen egiten ari zaren lanarekin, erretiroa hartu gabe segitzen duzu.
-Beraz, zure garapenean, beste nahi edo irrika batzuk bilatu nahi dituzu? Gaur egun, zer duzu lehentasuna: hobekuntza horretan borobiltzera jo nahia, edo beste bide batzuk urratu?
Beti ere bide berriak urratu. Orain nabil, neurri handi batean, bide berri batean, eta hor urratzen joan nahi dut. Ez dakizu horrek, urtebete badu edo, ez zaituen eramango guztiz espero ez duzun toki batetik. Orduan, beti zaude zer etorriko den etorkizunarekin, baina hori aldaketa bat izan dadin edo egiteko moduak-eta aldatuko baldin badira, zuk egon behar duzu gaurtik jada lanean. Ez dakizu zer etorriko den, baina etorri behar duena etorriko da, lanean ari baldin bazara.
Argazkiak: Aimar Maiz