«Euskara planetan eraldaketa eragin dezake adimen artifizialak»
Adimen artifiziala da Josu Aztiriaren lan esparrua. Zehazki, hizkuntzaren eremua. "Euskararako maila teknologiko altuko tresnak garatzea" jarri du etorkizuneko helburu nagusi gisa.
Josu Aztiria Urtaranek (Zumarraga, 1978) urteak daramatza Elhuyar fundazioko hizkuntza sailean lanean. Hizkuntza Zerbitzuetako kudeatzailea izan zen, Hizkuntza eta Teknologia negozio unitateko zuzendaria ere bai, Adimen Artifiziala Hizkuntzan unitateko koordinatzailea… Elhuyar fundazioak sustatzen duen Orai NLP Teknologiak adarreko koordinatzailea da gaur egun. Ekainaren 17an Ia dena: adimen artifiziala sorkuntzan jardunaldia egingo dute Azpeitiko Dinamoa sormen gunean, eta Adimen artifizial sortzailea: guztia aldatu berdin jarraitzeko? hitzaldia emango du Aztiriak.
Nolatan aukeratu zenituen Giza Zientziak eta Enpresa ikasketak?
Egia esan, zalantza egin nuen: ekonomia arlotik jo, edo soziologiatik, zientzia politikoetatik… Garai hartan, nire izeba Arantxa Aztiria orientatzailea zen lizeoan [Urretxu-Zumarraga ikastolan], eta hark esan zidan Giza Zientziak eta Enpresa sortu zutela.
Lehen promoziokoa izango zara, orduan.
Deustuko Unibertsitateak eskaini zituen ikasketa horiek lehen aldiz, eta hurrengo ikasturtean atera zuen Huhezik [Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak]. Deustuko Unibertsitatean ikasi nuen nik, Donostian.
Pentsatu izan duzu zer gertatuko zen beste ikasketaren bat aukeratu izan bazenu? Damutu zara inoiz?
Ez naiz batere damutzen. Enpresa munduarekin lotutako kontuak uztartzen zituen nire aukerak: kudeaketa, marketinga…, baina asko lantzen genuen antropologiatik, soziologiatik, psikologiatik… Ideia zen, eta da, enpresak sistema sozialak direla eta pertsonak kontuan hartu behar direla. Orain asko teorizatzen da horri buruz, baina garai hartan oso ideia aurreratua zen. Oso gustura nago egindakoarekin.
Ikasketak hastear zen Josu hari esan izan baliote egin duen ibilbide profesionala egingo zuela, sinistuko zukeen?
Kudeaketa eta antolaketa kontuak asko gustatzen zitzaizkidan, baina argi nuen gizarte erakunde baten barruan ikusten nuela neure burua. Hor sentitzen nintzen benetan eroso, nire balioekin bat zetorrelako. Behin ikasketak bukatuta, master bat egin nuen, kudeaketa eta antolamendu aurreratuei buruzkoa. Urretxu-Zumarragako ikastolan hasi nintzen lanean gero, eta 2002ko Kilometroetako koordinatzailea izan nintzen. Donostiara joan nintzen ondoren, Ilazki euskaltegira. Donostiako euskaltegirik handiena zen, kooperatiba bat… Zuzendari-kudeatzaile gisa aritu nintzen hiru urtez. Oso gaztea nintzen, 24-25 urte neuzkan, eta asko ikasi nuen. Handik egin nuen salto Elhuyarrera. Hizkuntza zerbitzuetako kudeatzailearen lanpostu bat atera zen, eta aurkeztu egin nintzen. Bertan nabil oraindik.
Orai NLP Teknologiak-eko koordinatzailea zara.
Elhuyar fundazioaren adimen artifizialeko saila da Orai. Alor estrategiko eta komunikatibo propio bat edukitzea erabaki genuelako sortu genuen.
Lanean hastean, zientzia fikzioa izango zen adimen artifiziala, ezta?
Elhuyarren hasi nintzenean, 2006an, berrogei bat lagun izango ginen, eta itzultzaileak ziren erdiak: testu asko itzultzen zituzten, enpresa handientzat, lanbide heziketako material pila bat, EHUko liburu espezializatuak, hiztegiak… Hor jada bazegoen hizkuntza teknologien sail txiki bat. Bi edo hiru lagun ginen. Orduan hasi ziren zuzentzaile ortografikoekin lanean; Xuxenekin, terminologia erauzketarekin, Elhuyar hiztegiaren automatizazioarekin… Ia 25 laguneko lantaldea izatera iritsi da. Itzulpenak egiten ditugu oraindik ere, eta hiztegigintza atala ere badago, baina adimen artifizialaren atalak hartu du indarra: lantalde handia, bi milioi euroko fakturazioa… Adimen artifizialaren olatuari gogor heltzeko sortu genuen Orai zentroa, iaz.
Usurbilen daukazue egoitza, Zumarragan bizi zara… Kilometro mordoxka bat da egunero.
Oso gustura nabil. Pandemia eta gero, gainera, astean bi aldiz etxetik lan egiteko aukera daukagu, eta asko eskertzen da.
Nolakoa da zure ohiko egun bat? Agenda betea izaten duzu?
Gaur [asteartea] nahikoa egun lasaia izan dut, baina, goiz-goizetik hasita, bilera asko izaten ditut normalean. Usurbilen bazkaltzen dut gehienetan, eta bazkalostea lasaiagoa izaten dut. Hori aprobetxatzen dut nire lanak egiteko: txostenak idatzi, mezuak erantzun… Enpresetara bisita asko egitea tokatzen zait azkenaldian, ni naizelako negozio garapeneko arduraduna. Eta hitzaldiak, jardunaldiak… ere izaten ditut; azken boladan, asko.
Bilerak zer izaten dira, kanpora begirakoak ala etxe barrukoak?
Biak. Etxe barrua nahiko ondo antolatuta daukagu, baina bilerak egin behar izaten ditugu. Kanpoko enpresak guregana etortzen dira batzuetan, eta gu joaten gara eurengana beste batzuetan.
Zer enpresarekin egiten duzue lan?
Industria arlokoekin, asko: Orona, CAF…. Eta administrazioekin ere bai: Eusko Jaurlaritza, aldundiak, Osakidetza… Kanpora ere joaten gara: Madril, Katalunia, Frantzia… Europa mailako proiektuak ere badauzkagu; asko ibiltzen naiz Frantzia hegoaldean.
Hizkuntzari zer ekarpen egin diezaioke adimen artifizialak?
Potentzialitate handia dauka. Horrelako sistema teknologikoek ahalbidetzen dute, nahiz eta guk beste hizkuntza batean hitz egin, ingurukoek gu ulertzea, itzulpen edo transkripzio sistemekin. Beraz, geroz eta aukera gehiago dauzkagu euskara lehenesteko. Badakigu itzulpen automatikoaren bidez euskaraz ez dakienak ere ulertuko duela. Euskaraz funtzionatzen duten lekuetan, enpresetan, udaletan, ikus-entzunezkoetan… aurrerapen handiak izan ditzakegu. Euskara planetan eraldaketa eragin dezake.
Aisialdia euskaratu dezake?
Ekar ditzakegu kanpoko ikus-entzunezko pila bat eta euskaraz jarri, modu errazean. Uste dut badagoela aukera ikus-entzunezkoen askoz eduki gehiago euskaraz jartzeko. Eskala handiko salto bat egiteko aukera dago; teknologiak egiten du horretarako modua.
Ikus-entzunezkoen munduan oso urria da, ordea, euskararen presentzia.
Alabekin ikusten dut hori; ikaragarria da. Azkenean, nola barneratzen diren erdal olatuak… Aurreko batean, alabak japonierazko bideo bat ikusten ari ziren, ingelesez azpititulatuta. Horrek gero translazio bat dauka kalean, eta eragina dauka eguneroko komunikazioan: ingurua beste hizkuntza batean ari bada eta ingurune digitalak geroz eta pisu handiagoa badu, beste hizkuntzek garrantzia hartzen dute egunerokoan.
Egoera irauli daiteke?
Aurrena egin behar duguna da euskara ondo kokatu; sistema generatibo berri hauetan, batez ere. Aurreko olatua ondo hartu genuen, esaterako.
Zer sistema generatibo? Eta zer olatu?
Adimen artifizialaren hastapenetan, makinei eman behar zitzaizkien hiztegia, gramatika, sintexia…, eta makinak ikasi egiten zuen. Baina ematen zeniona bakarrik ikasten zuen. 2015etik aurrera, ikasketa automatikoaren olatua etorri zen: makinek adibideetatik ikasten zuten. Zenbat eta adibide gehiago eta hobeak eman, sare neuronal horiek orduan eta gaitasun handiagoa izango dute hizkuntza ulertzeko eta sortzeko. Itzulpengintzarako edo azpitituluetarako, adibidez, jauzi handia izan zen hori. Olatu horri esker, sekulako tresnak ditugu euskaraz: Elia zuzeneko itzulpenak egiteko plataforma, ahots natural eta sintetikoak sortzeko aukera…
Hirugarren olatu ikaragarri bat etorri da orain: ChatGPT eta halakoek testu masa izugarriak dauzkate, eta milioika hizkuntza parametro. Horri esker, gai dira hizkuntza oso modu zehatzean ezagutzeko, baina, aldi berean, mundu mailako ikuskera dute. Dena eraldatu du horrek. Euskararen erronka da halako sistemetan ondo kokatzea. Baina, noski, euskarak ez du inoiz izango ingelesaren edo teknologia handien konputazio ahalmenik. Erronka da datu eta konputazio ahalmen gutxiagorekin euskararako maila teknologiko altuko tresnak garatzea.
Baduzue laguntzarik erronka horri aurre egiteko?
Laguntzak lortu egin behar dira. Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta Europako Batzordearen deialdietara aurkezten gara gu, baina ikerketa zentro handiekin eta oso proiektu handiekin lehiatu behar gara. Hala ere, pixkanaka ari gara proiektuak lortzen.
Baikor zaude?
Bai, baina euskararen garapena eta biziberritzea ez dago agendan, oraingoz. Are gehiago, kontrako agenda bat dago, atzera egin dezagun. Berriz ere salto bat eman behar dugula uste dut.
Lan mundutik aparte, zer zaletasun dituzu?
Irakurtzea gustatzen zait, baina nahi baino gutxiago irakurtzen dut orain; mendira joatea ere asko gustatzen zait. Barrua askatzeko modu bat da niretzat; lagunekin egotea, bizikletarekin Frantzian barrena bidaiatzea, bazkari eder bat egitea… Eta, tira, oso musikazalea izan naiz betidanik. Hori berreskuratzea gustatuko litzaidake; kontzertu gehiagotara joatea.
Paperean ala digitalean irakurtzen duzu gehiago?
Papera asko gustatzen zait niri: Berria egunero jasotzen dut, asteburuetan ere gustatzen zait beste bizpahiru egunkari erostea, eta tabernara sartzean ere euskarri analogikoa gustatzen zait gehiago.
Egunerokoan erabiltzen duzu adimen artifiziala?
Ez. Horretan oso offline zalea naiz. Spotify eta horrelako tresnak erabiltzen ditut, dena den.
Badaukazu bereziki garatzea gustatuko litzaizukeen proiekturik?
Mycroft, bozgorailu adimenduna; euskara ulertu eta hitz egiten duen Alexa eta Google Home moduko bat. Datuen erabilera etikoa egiten du. Euskarazko ekosisteman pentsatua dago, baita ekosistema lokalean ere: erosketa bat egitean, ez zaitezela joan Amazonera, herriko denda batera baizik; edo albiste bat irakurtzeko, Berriara, Hitza-ra edo Otamotz-era joan zaitezela. Aurrerapausoak eman ditugu, baina prototipo bat da oraindik. Baina posible ikusten dut halako sistema bat edukitzea sakelakoetarako.