Trenkada bat protesta CAFeko akziodunen batzarraren aurretik
Geroa EPSVaren Kaltetuen plataformak eta CAFek Israeli trenak saltzearen aurka bildu diren Palestinaren aldeko elkarteek protestak egin dituzte. Akziodunen urteko batzarra egin du CAFek, eta hango ordezkariak txistu eta oihu artean hartu dituzte, sarreran.
Protestaz beteriko goiza izan da gaur CAF enpresaren atarietan. Akziodunen urteko batzar nagusia egin du enpresak gaur, eta akziodunak bilerara sartzeko unea baliatu dute hainbat elkartek zenbait aldarrikapen iritsarazteko. Datu ekonomikoez eta diru mozkinez harago, langileei EPSV edo borondatezko prebisio sozialen Geroa erakundeak eragin dien “kaltea”, eta Israelgo estatuari Palestinako lur okupatuetan jartzeko trenak saltzearen aurkako kritika sozialak ere aintzakotzat hartzeko eskatu diete protestariei CAFi.
Batetik, Geroa EPSV erakundeak kaltetutako plataformako ehun bat lagun elkartu dira, CAFen Ordizia aldeko sarreran 11:00etan (Beasaingo Ezkiagako porteria eraitsita dagoenez, Lazkaibar hasierako sarreratik sartu dira akziodunak). Elastiko horiak soinean, akziodunei afera horretan esku hartzeko eskatu diete, CAF bere garaian Geroa sortzeko “motore garrantzitsuenetakoa” izan zela gogoraraziz eta kaltetuak direla sentitzen duten langile pentsiodunen egoera aditu beharra daukala exijituz.
“Beste behin, gure protesta helarazi nahi dugu. Ez dugu bukatuko eta etsiko, arrazoi daukagula uste dugulako. Sindikatuek, alderdiek eta denek arrazoi dugula esaten digute, eta arazo bat dagoela esan nahi du. Diru asko dago tartean, eta gai delikatua da. Eusko Jaurlaritza ere tartean dago; berea den dirua berreskuratu nahi duenari, errenta bat jarri nahi dio gobernuak orain, azkena erabaki duenez. Probokazio bat da hori. Gure dirua da, bizitza guztian egin dugun lanaren ordain bat. Guk berreskuratu nahi dugu, guk nahi dugun bezala. EPSVen horrelako enpresen %85etan jendeak berak nahi duen bezala berreskura dezake dirua; geu bakarrik gabiltza horrela, eta ez dago eskubiderik horretarako. Ezinezkoa da, ez sinisteko modukoa. Horregatik ari gara borrokan. Guk txarra adina daukagu jada, aitona-amonak gara, aspaldi jubilatuta gabe. Nahiko lan egin dugu, eta horixe eskatzen dugu, gutxienez gure galderei erantzun logiko bat ematea”, azaldu dute Geroak Kaltetuen Plataformako ordezkariek, atarian.
Horrelako kritika ekonomiko-sozialari hainbeste urtetan zergatik ez zaion erantzun bat eman galdetuta, pentsiodunen eta Geroa EPSVren aportatzaileen papera aldarrikatu dute. “Galdera polita da. 27 urtean eurek nahi dutena egin dute; ez dut esango asmo txarrarekin. Baina ez zuten pentsatzen orain 4-5 urtera arte jarri zuten topeari norbaitek kontra egingo zionik. 24-25 urtean errenta bat eskaintzen zuten. Ez gaude ados. Nola liteke 65 urteko pertsona bati hori eskaintzea? Errenta bat ona edo txarra suerta daiteke, baina 25 urtean? Ez da bidezkoa, eta ez dugu etsiko”.
Berez, CAFen kontra zuzenean ezer ez daukatela argitu dute, baina Gipuzkoako enpresa handienetakoa den heinean, bere erantzukizuna galdegin dute. ” CAFen zuzendariek guri laguntzea nahi dugu; gutxienez langileekin hitz egin, eztabaidatu, eta ea zer gertatzen den interesatu. Berez CAFek ez du errua, baina guretzat inportantea da Geroan daukan bere indarra baliatzea, laguntzeko. Bere garaian, Geroa sortu zen garaian CAF izan zen motorerik handiena. Bere garaian bultzatu zuen, sindikatuetan konfiantza bat eduki dugu bitartean, erabakitze eta boto eskubidea dute, baina asanbladarik ere ez dute egin”.
Sindikatuen papera ere kritikatu dute: “Ez dute informatu. Martxoan egon ginen, Gipuzkoa guztian, eta sindikatuek ez dute informatu nahi. Hori ez da normala. Sindikatuak dira gure arerio handienak. Sindikatuek ez dute informatu hemen zer gertatzen den, eta ez dute bozkatzen utzi”.
Geroak Kaltetuen Plataformak argi utzi du ez daudela EPSVen kontra. “EPSV normal bat nahi dugu”. Eusko Jaurlaritzaren jokabidea eta berriki hartutako erabakia ere gogor kritikatu dute: “Gobernuak orain denei errentatxo bat jarri nahi digu. Hori probokatzea da. Gatazka bat dago 45.000 euroko tope horrengatik lehendik, eta duela bi aste 27.000koa jarri nahi dutela esan zuten. Hori ezin da onartu. Jaurlaritzak entzun behar du. Ez jubilatuek bakarrik, langileek ere jakin behar dute. Sindikatuek zerbait esan behar dute hor, politikariek ere bai. Isiltzea, men egitea da”.
Protestaren eta borrokaren bidetik, Geroa prebisioan dituzten aurrezkiak nahi duten eran berreskuratzea lortuko dutela zin egin dute. “Hori, zalantzarik gabe. Eta aurten izango da gainera, dudarik gabe. Lau urte gaude honekin, eta aurten lortu behar dugu, bai ala bai”.
Israelen aurka protesta
Ordu erdi bat geroago, Palestinaren aldeko hainbat elkartetako ordezkariak, herritarrak eta CAFeko zenbait langile jarri dira lantegi atarian, Geroako Kaltetuen ondoan. Bi protestek bat egin dute orduan, eta akziodunak banaka-banaka bilerara sartu ahala, txilibitu hots eta aldarrikapen oihuen artean hartu dituzte.
CAF Jerusalemen eraikitzen ari den tranbiaren aurka protesta egin dute gizarte taldeek. Proiektu hori legez kanpokoa dela ziurtatu dute protestariek, Palestinako lurralde okupatuetan delako. “Palestinarren lurrak desjabetzen ditu, lurralde palestinarra kolonoen aldera anexionatzen du, Jerusalemgo auzoetatik biztanleria palestinarra lekualdatzen du, eta kolonoak Palestinako Lurralde Okupatuetara mugitzea errazten du”, salatu dute, ohar batean.
Eraikuntza-kontratu horretan CAFek duen partaidetza bertan behera uzteko exijitu diote. CAFeko lehendakariari gutun bidez jakinarazi diote azaldu dute. “Euskal Heriko kultura arloko hamaika pertsona ospetsuk elkartasuna adierazi dute, akziodunei CAFen dituzten akzioak berriz aztertzeko eta zuzendaritzari kontratua bertan behera uzteko presioa egiteko eskatu diegu, eta Europa mailako kanpainak aktibatu dira”, presio ekimenen artean. Tokian tokiko kontratuak ez berritzeko, edo etorkizuneko lanak ez hartzeko eskatu diote tren lantegiari, Israelek “nazioarteko zuzenbidea bete arte”.
Israelgo okupazio indarrek aurten 140 palestinar hil dituztela gogorarazi dute elkarteek. “Israelgo kolonoen indarkeria gero eta handiagoa da hainbat hiri eta herri palestinarretan. Artzainei, ekintzaile palestinarrei, etxebizitza zein eraikinei etengabe erasotzen diete. Palestinan eraso militarrak eta atxiloketa arbitrarioak eguneroko bilakatu dira, baita militarren zein kolonoen aldetik jasaten dituzten erasoak eta intimidazioak ere”.
Israelgo estatuaren jarduera gogor gaitzetsi dute, “apartheid krimena” dela esanez. “Israelek herritar palestinarrekiko diskriminazioa instituzionalizatzen duten arauak eta legeak dauzka.. Zapalkuntza hori nazioarteko komunitatearen pasibotasunarekin, eta Palestinaren okupazioaz eta apatheidaz krudelki baliatzen diren enpresen konplizitatearekin soilik manten daiteke. Horregatik, eta nazioarteko zuzenbidea bete arte, Israelgo estatuari boikota, desinbertsioak eta zigorrak egiteko kanpainak hil ala bizikoak dira”.
CAFi beste eskaera zuzen bat ere egin diote: “Euskaldun garen aldetik, ezin dugu onartu Palestinako herriaren sufrimenduarekin etekin ekonomikoa ateratzea gure enpresetako batek. Ezin diegu utzi gure nortasuna eta kultura etekin ekonomiko soila duten helburuak zuritzeko erabiltzen. Horregatik salatu nahi dugu CAFek euskararen normalkuntzaren alde edota CAF-Elhuyar Sariak erabiliz egiten duen bere buruaren zuriketa”.
Gogorarazi dute, azkenik, Eusko Jaurlaritza CAFen akzioduna dela: “Ezin dugu ahaztu Eusko Jaurlaritza giza eskubideen urraketen konplize den enpresa baten akzioduna dela, eta honetan esku hartu ordez, enpresan duen inbertsioa igo egin duela azken aldian”.
Argazkiak: Aimar Maiz