Igandean amaituko da Bikuña kiroldegiak eskainitako uda ikastaroetarako izen-ematea
Aurten, igeriketa, tenisa, padela, txiki zunba eta natur inguruneko kirol jarduerak eskaini ditu. Ikastaroak uztailean emango dituzte.
Padel ikastaroak ere eskaini ditu Bikuña kiroldegiak uztailerako.
Legazpiko Bikuña kiroldegiak zabaldu du udarako ikastaroen eskaintza. Aurten, igeriketa, tenisa, padela, txiki zunba eta natur inguruneko kirol jarduerak eskaini ditu, igeriketan izan ezik, 8 eta 14 urte bitartekoei zuzenduta.
Izena emateko azken eguna hilaren 18a da, igandea, eta horretarako kiroldegira bertara joan, 943 73 12 43 telefonora deitu edo harrera@legazpiko-kiroldegia.info helbidera mezu bat bidali daiteke. Udalaren https://egoitza.legazpi.eus/kirolak/ webgunean ere eman daiteke izena.
Tenisa, padela eta natur jarduerak bi txandatan emango dira, ekainaren 26tik uztailaren 7ra, eta uztailaren 10etik 21era. Txiki zumba, berriz, uztailaren 3tik 28ra bitartean emango da. Egunean ordu beteko saioak izango dira, baina natur jardueretan hiru ordukoak. Ordutegi bat baino gehiago dago aukeran hiru ikastaroetan. Prezioa 30 eurokoa da bazkideentzat, eta 35 euro bazkide ez direnentzat. Natur jardueren prezioa 90 eurokoa eta 120 eurokoa da.
Igeriketan aukera zabala
Igeriketa, berriz, 3 eta 7 urte bitarteko haurrentzat da, hain zuzen 2016ko urtarrilaren 1etik 2020ko uztailaren 3an jaiotakoentzat. Uztailaren 3tik 28ra emango da, hainbat ordutegirekin, goizez eta arratsaldez. Hastapeneko saioak eta hobekuntzakoak izango dira.
Prezioa 60 eurokoa da bazkideentzat, eta 92 eurokoa bazkide ez direnentzat. Plaza mugatuak dira, eta eskaera gehiago izanez gero egingo litzatekeen zozketan, lehentasuna izango lukete kiroldegiko bazkideek.













