Ataunen hasi dira AHTren zundaketak egiten
Lehengo astean Lauztierreka bailaran hasi ziren zulaketa bat egiten, partikular baten lurretan. Udalaren baimenik ez zutela eta kargu hartutakoan, bertan behera utzi dute oraingoz.
AHT Abiadura Handiko Trenaren Nafarroako korridorea eta Euskal Y lotzeko Espainiako Gobernuak mahai gainean dauzkan bi aukeretatik bat Sakanatik Ezkioko geltokira zuzenean trenbide berri bat eraikitzea da. Horretarako, Aralarko mendikatea zeharkatuko luke, lurpean, eta Ataun, Idiazabal, Olaberria, Ormaiztegi eta Ezkio-Itsason jarraituko luke. Nafarroa aldetik, Aralarren zundaketa geologikoak egiten maiatzean hasi ziren, eta lehengo astean aurreneko aldiz Goierrin hasi ziren, Ataungo lurretan.
Lauztierreka bailaran, Lauztiberri eta Telletxe baserrien artean izan da lehenengo zundaketa, Espainiako Gobernuaren esleipena daukan enpresa baten eskutik. Maizkoko Bideko zubiaren ondoan hasi ziren, eta udalak baimenik ez zutela kargu hartu zienean, bertan behera utzi dute, oraingoz.
Ataungo Udalak gaiarekin daukaten noraeza salatu du. Zundaketak egiten hasi izana “sorpresaz” hartu zuten, lehengo astean. Maiatzaren erdi aldera, herri lur batzuetan zulaketak egiteko informazio jaso zuten udaletxean. Informazio gehiago eskatu zietenean bueltan, herrian gehiago egiteko asmorik bazuten jakiteko, aldatu egin zen kokapena.
Azkenean, partikular baten lurretan hasi dira. Baratze baten erdian zeukan enpresa esleipendunak lehen asmoa, baina han ukatutakoan, handik hamar bat metrora aldatu zuten tokia, jabearen ahozko baimenarekin, itxura denez. Utzi ezean, lurra espropiatzeko ohartarazpena ere egin zioten.
Obren hasieraren berri udalak jaso orduko, bertaratu eta gerarazi egin zuen zundaketa. Ordurako sei-bat metroko sakonerako zuloa eta material erauzketa egina zeukaten. Hiri Antolamenduko Arauen arabera, halako zundaketak nahiz jarduera arkeologikoak egiteko udal baimena beharrezkoa dela galdegindakoan, makina eraman eta bertan behera utzi dute, baimena ofizialki eskatuko duten promesarekin.
Herri lur batean iragarritako zundaketa ere, hasieran markatu zuten tokia ez da irisgarria. Ondoren, handik gertuko baso-pista batean egingo zutela aldatu zuten asmoa.
Informazio garbirik ez
Udalean “deskokatuta” daude gaiarekin. “Orain gauza bat, eta gero bat esaten dute”. Batetik, zundaketak egiteko enpresa esleipendunak daude. Bestetik, Espainiako Garraio Ministerioa. Lehengo astean bertan, ministerioak udalera beste informazio bat bidali zuen, Dantzaleku – Arantzamendi mendien azpian zundaketa gehiago egiteko asmoa agertuz.
Lehengo ostiralean, bestetik, Arruazun (Nafarroa) batzar bat egin zuten AHTren lotune proiektua zeharkatuko litzatekeen eta zundaketak zuzenean eragiten hasi zaizkien udalerrietako ordezkariek. Informazio kontrajarriak daude, erakunde ofizialek zer proiekturen alde egingo duten. Lotura Gasteiztik bueltan egitea da beste aukera. Nafarroan “nahiko segurutzat” jotzen dute zuzenean Gasteizera lotuko dutela; oraingo trenbidea zabaltzeko lanak ere hasi omen dituzte Sakanan. “Baina horren segurua baldin bada, zergatik ari dira sondeoak egiten?”, galdetu dute Ataungo udal arduradunek.
Gaur, asteazkena, Idiazabalen bilera bat egitekoak dira, Goierriko udaletako ordezkariak eta zundaketak egingo dituzten lurren jabeak. Dagoen informazioa ematea da helburua, eta nola udalek, hala lur jabeek zer egin dezaketen argitzea.