Herri osoa eskertuz agurtu da Koldobike Olabide Legazpiko alkatetzatik
Zortzi urtez alkate izan eta gero, larunbatean emango dio erreleboa hurrengoari. Alkate izatea «ohore bat» izan dela nabarmendu du, eta Legazpi «leku hobea» izateko lan egin duela esan du.
Koldobike Olabidek agur esango dio alkatetzari larunbatean, karguan zortzi urte eman eta gero. Legazpiko azken bi legealdietako alkateak jardun horren balorazioa egin du eta bidelagun izan dituen guztiei eskerrak eman dizkie.
Larunbatean udalbatza berria eratzean emango dio erreleboa hurrengo alkateari. Bilera 12:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan.
Erantzukizun handia
Legazpiko alkate izatea «ohorea» izan dela nabarmendu du Olabidek, «bai eta erantzukizun handia ere», alkate izatea «erronka bat» delako, eta erronka horrek erabakiak hartzera behartzen duelako, eta «horien erantzule behin betiko izango zara» .
Erabaki horiek hartzean «erantzukizunez, gardentasunez, zintzotasunez eta errespetuz jokatzen» saiatu da Olabide, «legazpiarren beharrei eta nahiei erantzuteko asmo bakarrarekin». Legazpi «leku hobeagoa, herri bizia, dinamikoa eta erakargarria izatea» bilatu du, «etorkizunean lana, etxebizitza eta gizarte zerbitzuak eskainiko dituena, eta bizi kalitatea emango diguna». Esan duenez, horixe izan da bere helburua alkate izan den zortzi urteetan.
Eskerrak herri osoari
Legazpiko alkatetzan egindakoak «urte oso intentsuak eta dedikazio pertsonal handikoak» izan direla gogoratu du Olabidek, eta tarte horretan familiak eskaini dion laguntza azpimarratu du. Eskerrak eman die horregatik, «haien ondoan egon ezin izan dudanean nirekin izan duten pazientziagatik».
Gobernu taldean lagundu dioten EAJko kideentzako ere izan ditu esker hitzak, baita gainerako talde politikoentzat ere, «gure proposamenak babesten laguntzeagatik, baita kritika eraikitzaileak eta iradokizunak egiteagatik ere». Udaleko langileei ere luzatu die eskertza, «erakutsitako profesionaltasunagatik» eta «proiektuak gauzatzeko egindako lanagatik».
Hezkuntza komunitateari, Legazpiko elkarte guztiei eta udalak parte hartzen duen beste erakundeetako langileei ere eskerrak eman dizkie. Mankomunitatea, Uggasa, Ugle, Industrialdea, Sasieta, Gipuzkoako Urak, Goimen, Zubillaga, Lenbur, Santikutz Egoitza eta Eudel aipatu ditu horien artean. Udalaren jarduerarekin lotutako informazioa zabaltzen lagundu duten komunikabideak ere gogoan izan ditu.
Legazpiko herriari ere luzatu dio eskertza Olabidek, «urte hauetan jaso dudan maitasunagatik».
Alkatetza utziko duela esan du azkenik, «baina ez dut Legazpi utziko, beraz, Legazpin bizitzen jarraituko dut eta nire aletxoa ematen jarraituko dut, Legazpi nahi dugun herri bizi, dinamiko eta bizi kalitatekoa izan dadin».