Udanako Bähr familia alemaniarraren ondorengoak Legazpin izan dira bisitan
Gerhard Bärh euskalariaren ondorengoak dira. Kataberako aztarnak eta Udanako etxea ikusten izan dira, besteak beste.
Udanan jaiotako Gerhard Bähr euskalari eta euskaltzain urgazlea alemaniarraren ondorengoak bisitan izan dira Legazpin egun hauetan eta, besteak beste, Kataberako aztarnak eta Udanako etxea ikusten izan dira.
Kataberako meategiak ustiatzera etorritako alemaniar ingeniari baten semea zen Gerhard Bähr, Udanan 1900ean jaioa. Euskara ikasi zuen, eta gaztetan hasi zen hori ikertzen, batez ere gipuzkerako aditza. Familia Alemaniara itzuli eta gero, ikerketarekin jarraitu zuen, eta euskarari buruz egin zuen doktoretzako tesia Göttingengo unibertsitatean.
Legazpiko Udalak Gerhard Bähr-en omenezko oroitarria kokatu zuen 2000.an haren jaiotzaren mendeurrenean. Oroitarria Apatxotik Itxaropenera doazen eskaileren hasieran dago.
Alemaniarren bisita
Alemaniako familia honek ez du inoiz galdu Legazpirekin zuen lotura, eta behin baino gehiagotan etorri dira bisitan. Oraingoan, Gerhard-en seme Hans-Peter eta horren lehengusu Dorothee etorri dira, Sigrid eta Horst bikoteez lagunduta. Dorothee Gerhard-en arreba Mercedesen alaba da. Mercedes ere Udanan jaio zen.
Hain zuzen, Udanako ‘Alemanen etxea’ bisitatzeko aukera izan dute egun hauetan, orain bertan bizi den Mikel Urkia oñatiarrak lagunduta. Urkiak etxearen elementu originalak ahalik eta gehien errespetatzea, eta etxearen aire germanikoa mantentzea du helburu.