Goierri garaian pintxoen ibilbidea egiteko gonbita
‘Pintxoz pintxo’ gida kaleratu du Urola Garaia Turismo bulegoak, Josema Azpeitiaren laguntzarekin. 56 establezimenduk parte hartu dute. Pintxoen argazkiak Instagramera igota, zozketetan parte hartzeko aukera dago.
Goierri garaiko herrietan pintxoen ibilbide bikaina egiteko aukera dago, Urola Garaia Turismo bulegoak kaleratu berri duen Pintxoz pintxo gidari esker. Kazetaria eta gastronomian aditua den Josema Azpeitiaren laguntzarekin egindako argitalpenean, eskualdeko 56 establezimenduk parte hartu dute, eta beste hainbeste pintxo bildu dituzte, establezimendu bakoitzak bat aukeratuta.
Turismo bulegoko arduradunek azaldu dutenez, «Urola Garaiko zaporeak bilduko dituen euskarri gastronomiko bat eskaintzeko beharretik» sortu da gida hori, eta bertakoei eta bisitariei zuzenduta dago.
Liburuxkak, establezimendu bakoitzaren pintxoarekin batera, informazioa osagarria ere ematen du, «beste pintxo eta errazioak, harremanetarako datuak…». Gainera, tabernak edo jatetxeak aukera beganoren bat eskaintzen duen ere jasotzen du, «gai horri leku bat eman nahi izan zaio».
Liburuxka eta zozketak
Pintxoz pintxo gida maiatzaren 19an aurkeztu zieten partaideei Urretxuko Pagoeta zentro soziokulturalean, eta ekitaldian pintxoak dastatzeko aukera izan zuten bertaratuek. Orain, bertan agertzen diren tabernetan eta jatetxeetan eskuratu daiteke gida, baita Goierri garaiko herrietako kultur etxeetan, turismo bulegoetan, ostatuetan eta baliabide turistikoetan ere.
Bestalde, gidan agertzen den pintxoren batekin Instagramera argazkia igotzen dutenen artean zozketak egingo dituzte. Pintxoaren argazkia #PintxozPintxoUrolaGaraia traolarekin igo beharko da, eta Urola Garaia turismo bulegoaren kontuarekin partekatu: @urolagaraia.
Partaideak, pozik
Gidan parte hartu duten ostalarietako bat Urretxuko Navarro taberna-jatetxeko Txus Lucena da, eta «oso pozik» dago egitasmoarekin. Begetala bakailao ketuarekin eta tomate lehorrarekin da aukeratu duen pintxoa, eta «jendeak dezente eskatzen du». Gidak berak ere oso harrera ona izan duela esan du, eta asko eta asko eraman dituztela etxera.