Legazpi hasi da prestatzen Tourrari begira
Errepide mozketarekin kaltetutako Brinkola, Telleriarte eta Aztiriako bizilagunekin elkartu da Udaltzaingoa. Larrialdien arreta ondo antolatuta dagoela nabarmendu dute.
Frantziako Tourra Legazpitik igaroko da datorren uztailaren 2an, eta horrek bost-bat orduko errepide mozketa eragingo du Udana eta Aztiria artean. Brinkola, Telleriarte eta Aztiria auzoetako bizilagunei eragingo die bereziki errepide mozketak, eta Udaltzaingoak bilera bat egin zuen horiekin atzo, xehetasunak emateko.
Xabier Lopez udaltzainburuak azaldu zuenez, Tourra igarotzeko “guztiz moztuta” egongo da errepidea igande horretako 10:30etik 15:00etara gutxi gora behera. Lasterketa baino ordu eta erdi lehenago, ohiko karabana igaroko da, eta gero, txirrindulariak. Guztiak igarotakoan, ordu erdira irekiko dute berriz ere zirkulazioa. Bitarte horretan ezin izango da inolako ibilgailurik igaro errepidetik. Ordu horietan desplazamenduren bat egin behar dutenek, aurretik herrian utzi beharko dute ibilgailua, eta bertara oinez edo trenez joan. Motxorrotik Bikuña-txikira doan bidean egokituko dituzten aparkalekuetan ere utzi ahal izango da kotxea.
Errepidea moztuta izan arren, inguru horretako larrialdien arreta ziurtatuta egongo dela nabarmendu zuen Lopezek, “larrialdi antolaketa guztia prest dago, eta 112-ren helikopteroa izango dugu behar izanez gero”.
Bizilagunen kezkak
Bilerara joandako bizilagunek hainbat kezka agertu zituzten. Aztirian, esaterako, errepide ondoan dauden zelaietan publikoak eragin dezakeen kaltea da kezka, baita bide bazterretan utziko dituzten hondakinak eta zaborra ere. Lasterketaren aurreko egunean autokarabana edo furgonetekin auzora hurbilduko direnak ere kezka iturri dira, leku askorik ez dagoelako aparkatzeko eta baserri bideak itxiko dituztela beldur direlako.
Azitiriako bizilagunek eskari bat ere luzatu zioten udaltzainburuari eta berarekin batera bileran parte hartu zuen Eric Galvez jarduneko alkateordeari: auzo gunean komun eramangarriak jartzea.
Probaren ordutegia
Legazpitik igaroko dena, Gasteiz eta Donostia arteko etapa izango da, aurtengo Tourraren bigarrena. Oñati igaro eta Udanan gora egingo du, Motxorroko bidegurutzean Aztiriarako bidea hartzeko. Handik, Zerain, Segura, Idiazabal, Yurre, Beasain, Ordizia, Zaldibia eta Larraitz zeharkatu ondoren, Donostiara joango da.
Udanako gainera 14:24an iritsiko dira txirrindulariak, eta Aztiriako gainera 14:33ean. Publizitate karabana ordu eta erdi lehenago igaroko da.