Aiert Alberdiren musika saioaz gozatu dute ormaiztegiarrek
Ekain Kulturala egitarauaren baitan, 7. Musikale jaialdia egin zuten atzo arratsaldean Ormaiztegin. Aiert Alberdi musikari oñatiarra izan zen gonbidatua eta eguraldia lagun, talde ederra batu zen zuzeneko musikaz gozatzera. Alberdik askotariko abestien bertsioak eskaini zituen, baita berak sortutako beste batzuk ere.
Datozen egunetarako ere hainbat ekintza daude antolatuta Ekain Kulturalaren egutegiaren baitan. Gaur, San Andres herri eskolako L.H.-ko 6.mailako ikasleek eta Zumalakarregi museoak elkarrekin antolatutako Guztiok gara migratzaile erakusketaren inaugurazioa izango da 16:30ean. Ondoren, eskolaren festa eguna ospatuko dute plazan.
Bihar, 2. Gazte Eguna egingo dute 12:00etatik aurrera plazan, Harrikalariak Gazte Asanblada elkarteak antolatuta. Bestalde, 16:30etik 18:30era Museoko karpeta egin dezagun familientzako tailerra eskainiko dute Zumalakarregi museoan.
Amaitzeko, Errotek herriari eta herritarrei emandakoa izeneko ikus-entzunezkoa ekainaren 22ra atzeratu dutela jakinarazi dute udaletik, —atzo ziren eskaintzekoak, baina odol ateraldiak zirela eta erabaki dute atzeratzea—. Gizarte etxean egin dute hitzordua, 18:00etan.