Arte diziplina desberdinen eskaintza bizi-bizi dator gaurtik Beasainen
Nafarroa23 estudioan ‘Ilargia eta Zuhaitzak’ ekitaldia izango da gaur. Bear herriko pintura elkartekoek ikasturte amaierako erakusketa inauguratuko dute Igartzan.
Kultur eskaintza zabala dakar asteburuak, arte diziplina ezberdinetan; erakusketak, antzerkia,… Aspertzea ez da aukera. Batetik, Joxe Mari Telleria idiazabaldarra hilabete honetarako prestatu duen proposamenarekin dator, Nafarroa23 estudioan. Ilargia eta Zuhaitzak izenburua jarri dio argazkilariak bere ekaineko ekitaldiari. Aurreratu duenez, bisita gidatu «interesgarri» batez gozatu ahal izango da, Joxe Bikuñaren eskutik, Iban Unamuno musika irakaslearen gitarra goxoz lagunduta.
Nafarroa23ko erakusketek jakin-min handia sortu izan dute orain arte eta oraingoan ere aretoa beteko dela iragarri du Telleriak.
Herriko artistak
Bestetik, Bear herriko pintura taldeak ikasturtean zehar egindako obren erakusketa inauguratuko du gaur arratsaldean, Igartzako jauregian. Kolore, teknika eta emozio andana biltzen dituzten lanak denak, ikasle bakoitzaren sormenaren eta ikuspegi artistikoaren adierazpen paregabea dira. Eszenatokia berriz, Igartzako jauregia, haren dotoreziak eta lasaitasunak nabarmenduko ditu, bisitariarentzat ezin espazio atseginagoa sortuz.
Ikasleak, gogor aritu dira lanean ikasturte osoan zehar, eta egindako sorkuntza lanak publikoarekin elkarbanatzeko irrikaz daude. Herritar guztiei, baina batez ere artearen eta sormenaren zaletu guztiei erakusketa bisitatzeko gonbita luzatu diete. Gaur 19:00etan egingo dute irekiera ekitaldia.
Erakusketa uztailaren 2ra arte egongo da ikusgai. Bisita ordutegia, astegunetan 18:00etatik 20:00etara izango da. Gainera, larunbat eta igandeetan ere irekita egongo da, 11:00etatik 14:00etara.