«Eroso egoteko eta nire burua ikusteko garrantzitsua izan da Europako Txapelketa jokatzea»
Eibar Rugby Taldean hirugarren urtea egin du Lide Erbinak (Ordizia, 2000). Bi urteren ondoren, Espainiako Selekziora itzuli da, Algarven jokatutako Europako txapelketarako.
Zer moduz joan da denboraldia Eibar taldearekin?
Denboraldia nahiko modu zailean hasi zen, baina fitxaketa onak izan genituen eta taldea nahiko gaztea izan arren, sentsazio onekin bukatu genuen lehenengo fasea. Gero finalerdietara iristea lortu genuen, beraz, nahiko ondo joan da.
Seveneko Erreginaren Kopa irabazi du taldeak.
Zazpiko Erreginaren Kopa jokatu dute neskek, ni Espainiako Selekzioarekin itzuli nintzen bitartean. Kopa irabazi dute. Eibarrek oso denboraldi ona egin du azkenean.
Espainiako Selekzioarekin Seveneko deialdira batu zara berriz ere, Algarven jokatutako Europako Txapelketa jokatzeko. Zer sentsazio izan duzu?
Aurten nire helburua Eibarrekin jokatzea zen. Selekzioa orain dela bi urte utzi nuen aukera pertsonal batengatik, batez ere ikasketa aldetik denbora behar nuelako. Aurten ziklo olinpikoa bukatzen ari da eta selekzio barruan beste proiektu bat proposatu da, entrenatzaile berriak sartu dira.
Eibarrekin denboraldia apirila aldera bukatu nuenean proposamen bat egin zidaten, izango zena taldearekin joatea, eta kurtsoa amaitzen ari nintzela baiezkoa esan nuen. Olinpiar Joko batzuk gainean izatea ez da egunero ematen. Ikasketak eta entrenamenduak uztartzen aritu nintzen eta orain dela bi aste iritsi nintzen Madrilera. Algarveko taldean sartu nintzen azkenean.
Nolakoa izan da itzulera?
Printzipioz nire helburua ez zen Algarveko taldean sartzea. Taldearekin denbora gutxi neraman eta gure ideia zen berriz ere sentsazioak hartzea, proiektuaren erritmoa hartzea, baina azkenean erabaki teknikoa izan zen taldean sartzea. Pertsonalki, hasieran hain azkar sartzea, bi urte sevena jokatu gabe egon ondoren, Europako txapelketa bat jokatzea, urduri hartu nuen, baina indibidualki pentsatuta, izugarri ondo etorri zait. Bi aste barru Olinpiar Jokoetara sailkatzeko hitzordua daukagu eta niri txapelketa bat jokatzea horren aurretik, oso ondo etorri zait. Taldearekin sentsazio berriak hartzeko, eroso egoteko eta nire burua ikusteko oso garrantzitsua izan da.
Bosgarren postua lortu duzue Algarven.
Bai, taldea nahiko ondo aritu da. Detaile txiki batzuk ez dute ondo funtzionatu, baina sistema orokor batean ondo funtzionatu dugu. Bosgarren postua lortu dugu. Krakoviari begira, gutxieneko helburua zen Algarvekoan bosgarren geratzea, eta hori behintzat lortu dugu.
Krakoviako txapelketa hilaren 25etik 27ra izango da. Lehen biak Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetarako sailkatuko dira.
Madrilen gaude bueltan, eta geratzen den aste eta erdia Algarveko akatsak zuzentzeko izango da. Dena Krakoviako txapelketan pentsatzen egingo dugu, zeren eta ez dugu inoiz eduki hain aukera ona Joko Olinpikoetara joateko. Frantzia eta Irlanda aurkari oso gogorrak dira eta dagoeneko sailkatu dira. Sailkapen fasea errazago izan dezakegu alde horretatik.
Belgika, Suedia eta Errumania daude Espainiaren multzoan.
Multzo ona tokatu zaigu hasiera batean. Gero partidan igual ez da gertatuko pentsatzen dugun hori, baina multzo erraza tokatu zaigula eta aurkariak irabazteko moduan gaudela uste dut.
Amaia Erbina ahizparekin jokatzeak laguntzen dizu?
Sentsazioetan nerbio hauek guztiak kenduta, eta zelai barruan gertatzen dena kenduta, nahiko gogorra izan da zentzu batean taldearekiko. Denbora asko egon naiz kanpoan, aldaketa asko egon dira, eta beti da zaila goi mailako errugbia ez den mundu batetik berriro bertara sartzea. Amaia ahizpa hemen izatea izugarri ona da, asko laguntzen dit momentu on eta txarretan eta gertu izatea babes handia da. Taldekideak ere lagunak dira, baina ahizpa bat izatea hemen, opari bat da niretzat.
Orain burua Krakovian izango du taldeak. Nolako astea aurreikusten duzu?
Aste honetan taldeko denok gaude horretan. Denok nahi dugu sartu Krakoviarako taldean. Denok nahi dugu paper ona egin taldean sartu ahal izateko. Aste gogorra izango da, baina gogotsu gaude. Edonola ere, sartzen direnek gure lana egingo dute, beti izango da gure taldea eta haiekin egongo gara beti.