Goierri Valley Elkarteak urteko Ohiko Batzarra egin du
Eskariei dagokienez, 2022 urtea enpresentzat "ona" izan zela azaldu dute. Elkarteko bazkide ez diren enpresek elkartearen proiektu eta zerbitzu batzuetan parte hartzeko aukera izango dute.

Goierri Valley Elkarteak urteko Ohiko Batzarra egin du gaur, Goierri Berrikuntza Guneko NBF eraikinean. Batzarraren aurretik, digitalizazioaren sektorean aditua den Luis Morenok adimen artifizialaren inguruko hitzaldia eskaini du. Ekitaldiko gai nagusiak 2022ko Ekintzen Memoria eta Balantze Ekonomikoaren onarpena eta etorkizuneko proiektu nagusien azalpenak izan dira.
2022a eskariei dagokienez “ona” izan zen enpresentzat Goierri Valley-ren esanetan. “Pandemia ostean, egoera hobetzen joan da eta fakturazio datuak onak izan dira orokorrean. Baina lehengaien eta energiaren prezioetan jaitsierak egon diren arren, ez dira prezio guztiak jaitsi eta horrek zailtasunak ekarri ditu marjinetan. Horrek guztiak lan gehiago baina errentagarritasun gutxiago ekarri du enpresentzat”. Elkarteak jakinarazi duenez, “denborak eta prozesuak optimizatzeko bidean” digitalizazio prozesu desberdinetan murgildu dira bazkide asko, eta datu bilketaren erabilera estrategikoak “gakoa” izan dira enpresentzat.
2022an arlo ezberdinetan proiektuak garatu ditu Goierri Valleyk. Hauek azpimarratu dituzte gaurkoan: eraikuntza modularrean Aykos Healthcare enpresarekin sinatutako hitzarmena; Organizaciones Agilesekin egokitzapena, berrikuntza eta ikaskuntza sustatzeko “pentsatzeko eta erantzuteko modu arin bat duten erakundeak sortzea”; Hub 4.0 Laborategia, 4.0 teknologiak enpresen eskura jartzeko; Ongizatea Enpesak enpresen ongizate maila neurtzeko eta identifikatzeko; eta Hidrogeno eta komunikazio mahaiak martxan jartzea.
Aurrekontuei dagokienez, 2022ko ekitaldiko aurrekontuen exekuzioa onartu dute, eta argitaratu dute, ekitaldi horretan bazkideen artean egindako euro bateko ekarpenekin, elkarteak 6,09 euro kudeatu dituela. “Beraz, baiezta daiteke elkartearen jardunak eragin biderkatzailea duela”.
Erronka berriak
Iaz, 2025ari begira, estrategia berriak landu zituen elkarteak. “Estrategia berriaren lanketarekin bat, elkarteko bisioa ere berritu zen eta kanpora ireki eta hazi nahi duela berretsi zuen Goierri Valleyk. Goierriko industriaren eraldaketa bultzatzen duen erreferentziazko aliantza industriala izatea du helburu orain elkarteak”.
Erronka berriak bi eremutan definitu zituzten: enpresei zuzendutako erronkak eta elkarteko barne erronkak. Kanpoko erronkak ETEak ahalduntzea haien lehiakortasuna eta jasangarritasuna ziurtatzeko, talentua erakartzea, ekintzailetza babestea eta lankidetza sustatzea dira, batik bat, eta barne erronkak elkartea kanpora irekitzea eta elkartearen erakargarritasuna bultzatzea.
2022-2025 aldiko estrategiaren barruan, lan egiteko moduak aldatu zituen Goierri Valley-k. Aurrerantzean, elkarteko bazkide ez diren enpresek elkartearen proiektu eta zerbitzu batzuetan parte hartzeko aukera izango dute, besteak beste, internazionalizazio proiektuetan, eraikuntza modularreko proiektuetan eta hainbat zerbitzu eta ekintzetan: Gosari Aurkezpenak, interesezko solasaldiak, HUB 4.0tik antolatutako formakuntzetan, sentsibilizazio saioetan eta esperimentazio prozesuetan. Elkartetik antolatzen diren formakuntzetara ere sarbidea izango dute.
Zuzendaritza Batzordea
Batzar Orokorrean Zuzendaritza Batzordeko eta Komiteetako kide berriak izendatu dituzte. Presidente kargua berritu dute. GHk utzi du kargua eta HINEk hartu du. Geolan-ek, Gamesak eta AMPOk ere hartu dituzte Zuzendaritza Batzordeko karguak.