Goierriko 22 udalak bihar eratuko dira
Udal hauteskundeetan hautetsitako 208 herritarrek zinegotzi karguak hartuko dituzte. Alkatetzak gehiengo osoz ziurtatuta daude 18 herritan. Itun politikoak iraul ditzakeen bakarra Legazpi izango da.
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan herriak adierazi zuen borondate politikoa islatzeko eguna iritsi da. Bihar eratuko dituzte Goierriko 22 udalbatzak. Udal eraketako ezohiko batzarrak goizean egingo dituzte, garaizenak 09:00etan eta beranduenekoa 14:00etan.
AURRETIKO LANAK
Aste honetan egin dituzte agintaldiko azken udal osoko bilkurak udalbatza zaharrek. Azken bilerako akta onartzeko tramitea zuten egitekoa, besterik ez. Hauteskundeetan hautetsi atera zirenek, berriz, akreditazioa aurkeztu eta Hauteskunde Batzordeak aldarrikapen akta bidaliko die udalei. Bateraezintasun ezaren deklarazioa, eta ondasunen, enpresetako parte-hartzeen eta errenta, ondare eta sozietate zergen likidazioak ere aurkeztu behar dituzte hautetsiek.
UDAL ERATZE BATZARRA
Batzar eratzailea ekainaren 17an egin behar da, hauteskunde egunetik 20 egunera –errekurtso kontentziosorik ez bada–. Deialdia jarduneko alkateak egin behar du. Saio publikoa izango da.
Udal hauteskundeetan aukeratutako hautagaiek parte hartuko dute batzarrean, udal idazkariarekin batera. Adin Mahaia osatuko dute lehenbizi, hautetsi zaharrenak eta gazteenak. Hautetsien kredentzialak eta kreditazioak pertsonekin bat datozela konprobatzea da euren lana.
Hautetsien gehiengo osoa baldin badago, Udal Gobernua eratutzat emango du Adin Mahaiak. Ez badago, saioa bi egun geroago egingo da berriz, eta edozein hautetsi kopururekin osatuko da. Edozein arrazoigatik Udalbatza osatu ezin bada, Kudeaketa Batzordea eratuko da.
KARGU HARTZEAK
Hautetsi guztiek zinegotzi kargua hartzeko tramitea egingo dute, hurrena. Espainiako Konstituzioa beteko dutela zin edo promes egin beharko dute. Eratze batzarrean ez dauden hautetsiek udalaren lehenengo osoko bilkuran egingo dute zina. Behin hautetsi guztiek zinegotzi kargua hartuta, Udalbatza osatutzat emango du Adin Mahaiak.
ALKATEA AUKERATZEA
Udalbatza osatu bezain pronto, jarraian, alkatea aukeratu beharko da. 100-250 biztanle bitarteko udalerrietan, zinegotzi guztiak izan daitezke alkategai. 250etik gorakoetan, hauteskundeetan zerrendaburu aurkeztu zirenak bakarrik izan daitezke alkategai.
Zinegotzien botoen gehiengo osoa jasotzen baldin badu alkategai batek, alkate aldarrikatuko da. Gehiengo osorik ez bada, automatikoki hauteskundeetan boto gehien jaso zuen zerrendako burua bihurtuko da alkate. Berdinketa baldin badago hauteskundeetako botoetan, zozketa bidez aukeratuko da alkatea.
Alkate aukeratua aldarrikatzen denean, kargu horri ere zin egin beharko dio. Bertan ez badago, 48 orduren barruan udalbatzaren aurrean hartu beharko du kargua. Hala ez badu egiten, hutsik utziko da Alkatetza.
Eratze batzarrean ezohiko diru-kontu arkeoa egingo da. Udalaren ondasunen eta ondarearen inbentarioa ere konprobatuko da. Ezingo da beste erabakirik hartu.
ONDORENERAKO
Udal taldeak hurrengo bost egunetan antolatu behar dira. Alkateak, 30 egunen barruan, osoko bilkura deituko du. Han ezarriko da ohiko bilkuren maiztasuna, eta Udal Batzorde Informatzaile Iraunkorrak sortuko dira. Alkateorde, batzordekide eta lehendakari, delegatu ordezkari, behin-behineko pertsonal eta udalez gaindiko erakundeen ordezkariak ere izendatuko dira.
INBESTIDURA SAIOAK
Hauteskundeetako botoetatik eratorritako zinegotzi kopuruek erabakiko dituzte, bihar, Goierriko 22 udalen hurrengo lau urteetarako aginpideak. Gehienetan argi dago bozketaren norabidea.
Gehiengo osoak 18 herritan daude. EH Bilduk zortzi udal gobernu eta alkatetza hartuko ditu: Ataun, Idiazabal, Itsasondo,
Legorreta, Segura, Zaldibia, Zegama –lehen aldiz– eta Zerain.
Independenteek zortzi herri gobernatuko dituzte: Altzaga, Arama, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Mutiloa, Olaberria eta Ormaiztegi. EAJk Beasainen eta Lazkaon du gehiengo osoa.
Gainerako lau herrietan, Legazpin eta Zumarraga legoke interes puntua. Legazpin EH Bildu (5), EAJ (5), PSE-EE (2) eta Berdeak (1) da banaketa, baina EAJ-PSE itun orokorrean sartu dutenez, jeltzaleei emango diete gehiengo osoa eta alkatetza, bozkatuena izan zen EH Bilduren kaltetan. Zumarragan, EAJk (2) EH Bildu (5) babesten ez badu, PSEk (6) jarraituko du agintean.
Ordizian, Elkarrekin Ahal Dugu (2) abstenitzea nahikoa da EH Bilduk (7) alkatetzan segitzeko –bozkatuena izan zen–, EAJk (7) eta PSEk (1) batuta ez luketelako gehiengo absolutua lortuko. Urretxun, EAJk (6) mantenduko du alkatetza, PSEk (2) ez badu EH Bildu (5) babesten.
208 zinegotzi karguak
Goierriko 22 udalbatzetan guztira 208 hautetsik hartuko dute zinegotzi kargua. Alkatetzak. EH Bilduk 9 herritan hartuko du udal gobernuaren ardura: 8 gehiengo osoz, eta Ordizian bozkatuena delako. Herrietako talde independenteak zortzi alkatetzatan jarriko dira. EAJk lau hartuko ditu: Beasainen eta Lazkaon ziur, Urretxun bozkatuena, eta Legazpin paktuz. PSEk, bati eutsiko dio.