Haurren azken mendi irteera atzo egin zuten eta festa giroan amaitu zuten, Kimu-berri aterpearen inguruan. Mugen arteko ibilaldia uztailaren 1ean eta 2an egingo dute, eta izen-ematea irekita dago.
Izadi Zaleak elkartea iritsi da ikasturte amaierara. Haurrekin egiten dituzten mendi irteeren denboraldia atzo bertan itxi zuen, Kimu-berrin, eta helduenari ere Legazpin bertan emango diote bukaera, herriko mugen arteko bi eguneko ibilaldiarekin.
Elkarteko mendizale gazteenek festa giroan amaitu zuten denboraldia atzo. Ardanbidetara igo ziren goizean, eta Kimu-berri aterpean hamaiketakoa egin ondoren, orientazio jokoak egin zituzten.
Legazpiko mugak
Helduentzako, berriz, Legazpiko mugen artean bi eguneko ibilaldia antolatu dute. Uztailaren 1ean eta 2an egingo dute, eta denboraldia ez ezik, elkartearen 50. urteurreneko ospakizunak ere itxiko dituzte horrekin.
Legazpiko mugen ibilaldia bi etapatan banatuta egongo da. Larunbatean, Aztiriatik Ardanbidetara joango dira, eta hurrengo egunean, Ardanbidetatik Aztiriara. Gaua Kim-berri aterpean igarotzeko aukera izango dute mendizaleek. Igandean, berriz, Frantziako Tourra Aztiriatik igarotzen da, eta proba ikusi ondoren itzuliko dira herrigunera.
Mendi ibilaldi honetarako izen-ematea zabalik dago, astearte eta ostegunetan, elkartean bertan, 18.30etik 19.30era.