Aitor Saizarrek eta Alazne Apalantzak irabazi dute Goilurrak Rally luzeena
Proba gogorrak bere legea ezarri du, bi egunean 11 erlojupeko jokatuta: 68 autotatik 29 erretiratu dira. Lehia estua izan dute Saizarrek eta Xabier Lujuak, euria hasi arte.
Goilurrak Rallyaren 5. ekitaldian, maratoikoa zirudien larunbatari itxaron gabe altxatu zituzten faboritoek ezpatak: ostiral gauean, ikuskizuneko lehen erlojupekotik hartu zuten burua Xabier Lujua-Moises Gomezek (Hyundai i20 R5), Gorka Antxustegi-Xabat Urrestik (Renault Clio Williams) eta Aitor Saizar-Alazne Apalantzak (Peugeot 207 S2000). Antxustegi 2. zatian erretiratu zen, eta buruz buruko estuan garatu zen rally ia osoa Lujuaren eta Saizarren artean.
Langintza ez zen edonolakoa: 443 kilometro guztira, erlojuaren aurka 125,5 kilometro, eta 11 zati bi egunetan. Mekanikak, nekeak eta ibilbide zailak pasatu zuten galbahea. Irtendako 68 autotatik 29 utzi zuten lasterketa. Eta iraun zutenen artean, larunbat arratseko ekaitzak eragin zizkien diferentziak.
Hartu-emaneko lehia egiten ari ziren Saizar eta Lujua. Batek zati bat irabazi, besteak hurrengoa, txandaka. Balantza Lujuaren aldera zihoala zirudienean, ordea, euria hasi zuen, eta gurpil aukeran ez zuen asmatu.
Peugeoten erresuma
Euri askorik ez zuela egingo uste izanda, edo egindakoa beroagatik segituan lehortuko zela pentsatuta, lehorrekoekin segitu zuen Lujuak. Akatsa izan zen. 8. zatian 27 segundo galdu zituen Saizarrekiko. Bost zati irabaziak zituen ordurako, arratsaldeko hirurak segidan, esate baterako. Ordura arte segundoen kontua zen aldea, jada segurtatu zuen horrekin Saizar berriatuarrak, Alazne Apalantza errezildarra kopilotu zuela. Txapeldunen eran, azken hiru erlojupekoetan denbora onenak markatuta irabazi zuten.
Bi zati neutralizatu zituen antolakuntzak, zapatuko 1.a Bergaran eta 7.a Motxorro-Gabiria-Mutiloan, istripu banak errepidea oztopatuta utzi, eta garbitzeko astirik gabe. Arazo aipagarri eta larri gehiagorik gabe garatu zen Goilurrak rallya.
Saizarrek 2020an bigarren egin zuen Goilurraken. Urte hartako irailean lortu zuen lehen garaipena Peugeot 207 S2000 berriarekin, Lesakako Rallyesprintean. Kurioski, Goilurrak-en azken hiru edizioetan Peugeotak izan dira nagusi: 2021ean eta 2022an Iñaki Narbaiza-Unai Etxeberriak irabazi zuten, Peugeot 208 Ra4 batekin. Joseba Iraola-Sheila Lafuentek 2020an (Porsche 997 GT3) eta Aingeru Castro-Alaitz Urkiolak (BMW M3) osatzen dute Goierriko eta Urola Erdiko rallyko palmaresa.
Balorazio eta jendetza onak
Hainbeste kilometroko rallyaren gertakizun arruntek ebatzi dute, azkenean, sailkapena. Antolakuntzak balorazio positiboa egin du. Ostiraleko herriko gunean jendetza bildu zen, bai Lazkaoko tramoa ikusteko, bai ondoren etapa bukaerako zeremonian ere. Zapatuan ere ikusle asko izan zen zirkuituetan.
Ostiraleko formatuarekin ere asmatu izanaren sentsazioa du Ikullu Racingek: motza, herrian bertan edonorentzat irisgarria eta ikuskizun ukituarekin.
SAILKAPENA
1. Aitor Saizar-Alazne Apalantza Peugeot 207 S2000 1:11:09,057
2. Xabier Lujua-Moises Gomez Hyundai i20 R5 33,7ra
3. Iñaki Narbaiza-Unai Etxeberria Peugeot 208 Rally4 2:28,6ra
4. Alberto Marcos-MaialenGuridi BMW M3 E36 3:25,1era
5. Iraitz Olariaga-Oihane Uranga Honda Civic 4:21,2ra
6. Xabier Mujika-Miriam Iztueta Citroen Saxo VTS 4:49,5era
FL. Mariano Lavin-Paula de Carvalho BMW 328i E36 6:01,2ra
7. Ioritz Odiaga-Iker Mintegia Renault Megane 6:13,2ra
8. Ugaitz Gorostidi-Julen Dorronsoro Peugeot 205 6:31,8ra