Antolakuntzan aldaketa, hamar urteko etapa itxita
Larunbat iluntzean, behin Goilurrak rallyaren sari guztiak banatutakoan, Ikullu Racing eskuderia antolatzaileak arduradun aldaketa izango duela jakinarazi zuen. Orain arte aritu den Ibai Agirre koordinatzaileak ez duela jarraituko zeregin horretan esan du.
2013an hasi zen Ikullu Racing taldea motor probak eta ekitaldiak antolatzen. Agirre ibili izan da gehienetan antolatzaile taldearen gidari lanetan. «Ziklo bat eta etapa bat itxi» duela aitortu du.
Omenalditxo bat egin zioten kideek eta rallyko partaideek, rallyko sari emate ekitaldian, plazan. Oroigarri-plaka bat oparitu diote.
Hamar urteotan, Goierri Rallyesprintaren zortzi edizio eta Goilurrak Rallyaren bost antolatu dituzte. Eneko Nazabal zaldibiarra izango da aurrerantzean Ikullu Racingen aurpegi publikoa eta antolatzaile taldearen burua.