Migrazioa hezkuntza proiektu
Zumalakarregik migrazioaren kontzeptua gerturatu nahi die herriko ikasleei. Proiektuaren 3. edizioa da. Erakusketa uztailaren 4ra arte egongo da ikusgai.
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak eta San Andres herri eskolak elkarlanean burututako Guztiok gara migratzaile proiektua amaitu berri dute. Ikasturte guztian zehar landutako proiektua borobiltzeko, erakusketa jarri dute orain museoan. Ostiralean egin zuten aurkezpena eta datorren uztailaren 4ra arte egongo da ikusgai, aldi baterako erakusketen gelan.
Zumalakarregitik argitu dutenez, «Ormaiztegi 1.248 biztanleko herria izanik, 21 nazionalitate ezberdinetako» herritarrak bizi dira bertan, eta ondorioz, Ormaiztegin, «kultur-aniztasun oso aberatsa» dagoela azpimarratu dute. Hala, 2018an abiatu zuen Migrazioak izeneko proiektu hau museoak, herriko ikasleekin «maila ezberdinetan gaia lantzeko bide ezberdinak irekiz».
Aurreko urteetan bezala, San Andres herri eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleekin landu dute gaia. Gazteek «migrazioa zer den eta migratzaile izateak zer esan nahi duen ulertzea eta ezagutzea» delarik proiektuaren helburu nagusiena.
Gertuko esperientziak
Teorian ikasitakoa praktikara eramateko migrazio prozesua bizi izan duten herritarrei elkarrizketak egiteko aukera izan dute ikasleek, «euren interesa piztuz». Are gehiago, lehenengo pertsonan bizitako esperientziak ezagutzeak «sentsibilizazio ariketa indartsua» suposatu du ikasle hauentzat.
Proiektu honen azken emaitza, hau da, erakusketa lan prozesuaren ikus-entzunezko batez, proiektua azaltzen duten hainbat panelez eta ikasleek elkarrizketatutako pertsonen pieza ezberdinez osatuta dago. Museoko ohiko ordutegian dago ikusgai eta sarrera doakoa da.
Migrazioak proiektua 2018-2019 ikasturtean egin zuten estrainekoz. Pandemiaren ondorioz egin gabe egon eta gero 2021ean ekin zioten berriz. Aurtengoa hezkuntza proiektuaren 3. edizioa izan da.