Futbol eta boleibol txapelketa, errekortariak eta Grand Prix, La Salle-Legazpiko zezen plazan
Urteroko moduan, Zumarragako Udalak zezen plaza muntatuko du La Salle-Legazpiko patioan, Santa Isabel jaiak direla eta. Bertan, hainbat ekitaldi egingo dira: hondar futbol eta boleibol txapelketak, errekortari erakustaldia eta kuadrillen arteko Grand Prix lehiaketa.
Hondar futbol eta boleibol txapelketei dagokienez, uztailaren 1ean jokatuko dira, 11:30etik aurrera. 11 eta 15 urte bitarteko gaztetxoek parte hartuko dute, lau laguneko taldetan. Parte hartu nahi dutenek kultur etxean eman behar dute izena, hilaren 27a baino lehen. Izen-ematea doan da.
Errekortari erakustaldia uztailaren 1ean izango da, 18:30ean. Ondoren, bigantxak askatuko dituzte 16 urtetik gorakoentzat. Sarrerek 5 euro balio dute (haurren sarrerek, 3 euro).
Kuadrillen arteko Grand Prix lehiaketari dagokionez, aurten bi egingo dituzte. Ekainaren 30ean 11-15 urtekoena izango da eta uztailaren 3an 16 urtetik gorakoena. 11-15 urtekoena 18:30ean hasiko da. Zezenik gabe egingo da. Ur jokoak, sokatira, bola saltoak, trizikloak, zezen mekanikoa eta puzgarri saltoak egongo dira. Talde irabazleko kide bakoi-tzak 40 euroko bale bat jasoko
du, herriko kirol dendetan gastatzeko.
16 urtetik gorakoena 18:00etan hasiko da. Sarrerek 5 euro balio dute (haurrenek, 3 euro). Sarrerak ostiralera arte Zelai Ariztiko leihatilan salgai egongo dira, 17:00etatik 20:00etara. Hilaren 26tik 30era kultur etxean salduko dira.