Arreta zerbitzu egokien aldeko sinadura bilketa hasi dute bizilagunek
Ezkioko eta Itsasoko bizilagun talde batek sustatuta, bi herrietan arreta zerbitzu egokiak bermatzeko helburuarekin sinadura bilketa hasi dute. Udalari «inplikatuta egon daitezkeen beste administrazioekin batera arazoari irtenbide bat emateko» gaia koordinatzeko eskatu diote. Sinatzeko dokumentuak udaletxean, eta Argindegi eta Topa ostatuetan jarri dituzte gainontzeko bizilagunen eskura.
Bizilagun talde honek udalari helarazitako oharrean aipatzen duenez, «herrian larrialdiren bat gertatzen den bakoitzean —berdin dio herrigunean izan edo sakabanatutako eremu batean—, anbulantziak, suhiltzaileak edo beharrezko arreta zerbitzuak galduta ibiltzen dira larrialdia gertatu den lekura iristeko». Honek, noski, negatiboki eragiten du eman beharreko arta zerbitzuan, «sarri atzerapen handiarekin iristen dira, horrek ekartzen dituen ondorioekin», diote.
Orain arte, emaitzarik gabe
Gaur egun dauden «aurrerapen teknologikoak» kontutan hartuta, «onartezina» iruditzen zaie egoera hau jasan behar izatea. Diotenez, Ezkio-Itsasoko Udala saiatu da Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin, 112 larrialdi zerbitzuarekin eta Ertzaintzarekin soluzio bat aurkitzen, baina «momentuz» arazoak jarraitzen duelako kexu dira. Herritarrak sinatzera animatu dituzte.