Emotio Taldeak kontzertua egingo du igandean Ordiziako elizan
Hainbat herritako hogei emakumek osatzen dute taldea. Abesti berriak aurkeztuko dituzte igandean. Xabier Sarasola musikagile beasaindarraren obrarekin hasiko dute kontzertua.
Emotio Taldeak kontzertua eskainiko du igandean Ordiziako elizan, 19:00etan. Sarrera doakoa da. Kontzertuaren lehenengo zatian musika sakroa landuko dute, ondoren ingelesezko abestiak kantatuko dituzte, eta azkenik, Euskal Herriko kantu folklorikoak. 50 bat minutu iraungo du emanaldiak. Herritarrak gonbidatu dituzte kontzertura.
Debora Herrero Emotio Taldeko zuzendariak azaldu duenez, “oso kontzertu txukuna eta freskoa izango da, doinu samurrekin, gozatzekoa”. Musika sakroa, folklore hebrearra eta euskal folkloreko kantak aurkeztuko dituzte. “Abesti berriekin gatoz”. Xabier Sarasola musikagile beasaindarraren obrarekin hasiko da kontzertua, “ukitu klasikoa duten abestiekin”. Taldekideen ahotsez gain, pianoan Borja Rubiños izango da, eta perkusioan Jesus Mari Andres. Kaxoi flamenkoa ere sartuko dute.
Hainbat herritako hogei emakumek osatzen dute taldea. Ordiziarrak dira gehienak, baina Segurako, Zaldibiako, Berrobiko, Hondarribiko, Itsasondoko edota Ormaiztegiko kideak ere badaude. 2016ko urrian sortu zen. Zazpi urte hauetan, ehunka kontzertu eskaini dituzte, “taldearen esentziari jarraituz”. Erroman, Pragan, Madrilen edota Oporton egin dituzte emanaldiak, taldearen erronka nagusia baita urtero bidaia musikal bat egitea. Aurten urrirako prestatu dute beste bat.
Igandeko kontzertuaz gozatzera animatu dute jendea, eta kantatzen duten eta parte hartu nahi duten emakumeak deitu dituzte taldea ezagutzera. “Emakumeren bat badago ahots finarekin, ondo kantatzen duena, gogotsu dagoena taldearekin bat egiteko, ostiraletan biltzen gara Barrena Jauregian”.