Eragile feministek bat egin dute greba deialdirekin
Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba deialdia egin du azaroaren 30ean. Goierriko hainbat talde feministek babesa adierazi diote deiari.
Goierriko hainbat talde feministek bat egin dute azaroaren 30erako egindako greba deialdiarekin. Besteak beste, Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko koordinadora feministek. Euskal Herriko Mugimendu Feministak egin du deia, «bizitzak erdigunera ekarriko dituen zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatzeko». Adierazi dutenez, horretarako ezinbestekoa da «zaintza sistema publiko eta komunitario bat» martxan jartzea: «Zaintza sistema aldatzea dena aldatzea baita».
Martxoaren 8an, emakume langilearen nazioarteko egunean, feministek iragarri zuten grebara joko zutela. Data zehaztea falta zen, eta hori ere egin dute: azaroaren azkena. Denon Bizitzak Erdigunean izeneko prozesua egin dute azken urtean, zaintzaren auzia erdigunean kokatzeko eta gaia herriz herri jorratzeko. Besteak beste, Gasteizen egindako topaketetako batean ondorioztatu zuten grebara jo behar zela.
2018an egin zen lehen greba feminista eta Goierrin jarraipen zabala izan zuen. Baita ere, Euskal Herri osoan.
Mugimenduak jakinarazi duenez, «zaintza sistema publiko eta komunitario baten» alde hartuko dituzte kaleak azaroaren 30ean: «Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka, zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan baldintza onartezinetan bizi garen emakumeon eskubideen alde». Era berean, adierazi dute «ardura eta erantzukizuna» exijituko dietela gaur egungo sistema bere horretan mantentzearen alde egiten dutenei, eta gogoratu «guztion» ardura dela aferari erantzutea.
Greba orokor bat antolatzeak atzean duen lanaren jakitun, mobilizazio soka luzea abiatuko da orain, prozesura jendea batzeko asmoz. Gizarteko geruza guztietara iritsi asmo dute, eta horri begirako lan ildo zabala abiatuta dago jada auzo eta herrietako taldeetan, «pausoz pauso» ekiteko: «Prozesua batzarretan eta kalean egingo dugu, batzen gaituzten aldarriak ipar».