Goierriko X. Jazzaldian hamar kontzertu izango dira, uztailaren 5etik 8ra
Ekitaldi berezia antolatu du Arama Jazz Elkarteak urteurrena ospatzeko, egun bat gehituta. Uztailaren 5eko, 6ko eta 7ko emanaldiak Ordizian izango dira, eta hilaren 8koak Araman.
Goierriko Jazzaldiaren 10. ekitaldia izango da aurten, uztailaren 5etik 8ra. Urteurrena dela eta, jaialdiari egun bat gehitu dio antolatzailea den Arama Jazz Elkarteak, eta kontzertu gehiago lotu ditu. Hamar kontzertu eskainiko dituzte Ordizian eta Araman egun horietan hamarka artistek. 2013an hasi zen Goierriko Jazzaldiaren ibilbidea.
«Abentura baten moduan hasiera eman zion lagun talde batek jazzaldiaren ideiari (edo erokeriari), eta gaur egun erabat egonkortu den jazzaldi batean bilakatu zaigu», adierazi du Arama Jazz Elkarteak ohar baten bidez. Elkartearen xedea Goierri eta inguruko bailaretako biztanleei jazz musika gerturatzea izan da eta oraindik ere bada.
«Dagoeneko ez du aurkezpen beharrik jazz musikarien artean, gure herri eta bailarako mugetatik kanpo ere sona lortu baitu». Lehenengo ekitalditik, hainbat musikarik parte hartu dute, esate baterako, Hasier Oleagak, Afrika Bibang-ek, Iñaki Salvadorek, Rachel Terrien-ek, Maria Yfeu-k edota The Sey Sisters-ek. Aurten, urteurrenaren harira, egitarau zabalagoa prestatu dute herritarren gozamenerako. Uztailaren 5eko, 6ko eta 7ko kontzertuak Ordizian izango dira, eta uztailaren 8koak, Araman.