Greba feminista orokorra, azaroaren 30ean
Euskal Herriko Mugimendu Feministak egin du mobilizaziorako deia, «zaintza sistema publiko» baten aldeko deia eginda. Mugimenduak esan du «bizitza duinen aldeko» borroka dela zaintzarena.
Martxoaren 8an iragarri zuten greba feminista orokorra egingo zela, baina data ezartzea falta zen. Badago jada: azaroaren 30a. Euskal Herriko Mugimendu Feministak grebara deitu du, «bizitzak erdigunera ekarriko dituen zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatzeko». Adierazi dutenez, horretarako ezinbestekoa da «zaintza sistema publiko eta komunitario bat» martxan jartzea: «Zaintza sistema aldatzea dena aldatzea delako».
Denon Bizitzak Erdigunean izeneko prozesua egin dute azken urtean, zaintzaren auzia erdigunean kokatzeko eta gaia herriz herri jorratzeko. «Prozesu hori Euskal Herriko Mugimendu Feministako hainbat eragile eta norbanakoren artean abiarazi genuen, eta gaur arteko bidean kide gehiago batu dira», azaldu dute hedabideetara bidalitako oharrean. Prozesu horren helburua izan da aliantzak eta proposamenak bateratzea herri mugimenduekin eta eragile soziosindikalekin.
Mugimenduak jakinarazi duenez, «zaintza sistema publiko eta komunitario baten» alde hartuko dituzte kaleak azaroaren 30ean: «Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka, zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan baldintza onartezinetan bizi garen emakumeon eskubideen alde». Era berean, adierazi dute egungo sistema bere horretan mantentzearen alde egiten dutenei «ardura eta erantzukizuna» exijituko dietela, eta gogoratu auzi horri erantzutea «guztion» ardura dela.
Aurrenekoa, duela bost urte
2018an izan zen lehen greba feminista Euskal Herrian. Lau arlotan egin zuten planto emakumeek: zaintzan, kontsumoan, hezkuntzan eta lan arloan. Goizean goizetik kaleak hartu, eta ordura arte Martxoaren 8 batean inoiz egin ez bezalako modu batean aritu ziren aldarrika. Hainbat gai atera ziren plazara: soldata arrakala, lanen feminizazioa, emakume pentsiodunen egoera, migratzaileena…