Herritarren kontakizunen arrantzalea, sarea botata
Udalbiltzaren ‘Geuretik sortuak’ sorkuntza bekarekin lagunduta, egunotan Zaldibian da Idoia Etxeberria idazle oñatiarra. Astebeteko egonaldia egingo du, herritarrekin solasean. Ataunen egon da aurretik.
Hiru asteko egonaldian herrietako berri jaso, herritarrekin elkarrizketatu, eta narrazio liburu bat prestatzeko materiala biltzen ari da Idoia Etxeberria idazle oñatiarra. Zaldibian dago aste honetan. Igandean iritsi, eta ekainaren 25era arte murgilduko da Zaldibiako eta zaldibiarren munduan, idazgai bila.
«Alamartxoa izango da 23an, eta ohitura hori jasotzeko aprobetxatuko dut», aurreratu du Etxeberriak. Aurrez, Ataunen astebeteko egonaldia egina da, maiatzaren hirugarren astean. Izan ere, Udalbiltzaren Geuretik sortuak sormen bekan bi herri hauek egokitu zaizkio Idoia Etxeberriari. Bi herrien artean osatuko du hiru asteko egonaldia. Egonaldiaren hirugarren zatia irailerako aurreikusi du.
Bigarren ekitaldia du Geuretik sortuak ekimenak aurten. Guztira hamar idazlek, bost komikigilek, hiru antzerki konpainiak eta lau zinegilek jaso dute beka, literatura, zinema, antzerkia, eta, lehen aldiz, komikia lantzeko. Narrazioak ontzeko hamar bekadunetatik bat da Etxeberria.
Elkarrizketak egitera
Ataunez eta Zaldibiaz gain, Segura da proiektuan parte hartzen ari den Goierriko beste herria. Lutxo Egia idazlea joango da hara.
Ahotsak.eus webguneko langilea da Etxeberria, eta hango dinamikarekin lan egin nahi du Zaldibian ere: herritarrak aukeratu, hainbat ohitura, gertakizun eta konturi buruz galdetu, eta elkarrizketa bideoz grabatu. Hasita dago zaldibiarren peskizan, udalaren lankidetzarekin.
«Ataunen egonaldi polita izan nuen, gustura egon nintzen. Ez nuen askorik idatzi, baina gauza asko jaso bai. San Isidro egunean ailegatu nintzen, azoka eta erakusketak zeuden, eta ondo etorri zitzaidan bertako baserritarrak ezagutzeko eta adineko jendearekin egoteko», dio Etxeberriak.
«Herriak eta bertako istorioak hobeto ezagutzeko ere balioko du idazlanak»
Idoia Etxeberria. Idazle bekaduna
Bi herriotan bildutakoa helduentzako narrazio bihurtuko du. Gaia edo haria ez dauka argi, oraindik, baina aztarna batzuk aurreratu ditu. «Herri txiki, infernu handi esaeratik tiraka, agian. Denak zer jatorrak garen, auzolana… adierazten da herrietan, baina bestelakoak ere badira. Pertsonan arteko komunikazio arazoak eta beste ezinegon batzuk». Herriak eta berorietako istorioak ezagutaraziko ditu.
Ahotsak proiektuan, Ataunen lanketa dezentea egin dela, baina Zaldibian orain arte hitzarmenik ez dutela lortu azaldu du. Bidea irekitzeko balio dezake.