Idiazabalen hasi eta Seguran amaituko da Gipuzkoako Itzulia
Junior mailako lasterketa izango da. Ostiralean hasiko da itzulia Idiazabalgo erlojupeko probarekin. Azkeneko etapa Seguran hasi eta amaituko da, astelehen arratsaldean.
Ostiralean hasi eta astelehenera bitartean jokatuko da junior mailako 33. Gipuzkoako Itzulia. Idiazabalen hasiko da proba (17:15), prologoarekin. Lehendabiziko etapa Mendaron jokatuko da (10:30) larunbatean; bigarrena, Andoainen (16:00) igandean eta hirugarrena eta azkena Seguran (16:00) astelehenean.
Junior mailako Gipuzkoako txirrindulari onenak bilduko ditu Itzuliak, tartean, Ethan Cabanillas segurarra tartean; 26 talderen parte hartzea aurreikusi dute antolatzaileek. Guztira, 265, 3 kilometro osatu beharko dituzte txirrindulariek Gipuzkoan barrena.
Idiazabalgo erlojupekoa izango da Itzuliaren estraineko proba etzi arratsaldean. 2,1 kilometroko bidea osatu beharko dute txirrindulariek. Kale nagusian izango dute irteera eta helmuga, Arizkorreta, Olaria eta Ondramio pasatuta.
Lehenengo bi etapak gaindituta, astelehenean, Seguran amaituko da Itzulia. Itzuli honek duen «ikusgarritasuna» aintzat hartuta eta garailea «segundo gutxiren bueltan erabakiko dela jakitun», Segurako Txirrindulari Elkarteak ibilbide «gorabeheratsua» prestatu duela esan du.
Itzulia Aizkorpen barrena
Ibilbidea, ohikoa baino motzagoa izango den arren, —69,2 kilometro guztira— lau mendate ezberdin igo beharko dituzte txirrindulariek: Lierni, Atagoiti, Aztiri eta Barbari. Hain zuzen, Barbariko igoeran erabaki daiteke aurtengo Itzuliaren irabazlea antolatzaileen iritziz. Zegama, Zerain eta Mutiloatik igaroko da.
Behin proba amaituta, —17:35erako espero da lehendabiziko txirrindularia— etapako sariak banatzeaz gain, sailkapen nagusiko irabazleei ere dagozkien garaikurrak emango zaizkie Seguran.