Jose Luis Gonzalez de Langarika, sasoi betean bizikleta gainean
Quebrantahuesos ospetsua hogei aldiz egin du Legazpiko txirrindulari beterano honek. Larunbatean, laburragoa baino oraindik luzea den Treparriscos egin zuen. 79 urte ditu, eta ez du bizikleta uzteko asmorik.
Txirrindulari beteranoa da Jose Luis Gonzalez de Langarika legazpiarra, eta bizikletari esker sasoi bete-betean dago 79 urterekin. Egunero erabiltzen du, eta ibilaldi luzeak egitea gustatzen zaio bereziki, asko gozatzen duelako bizikleta gainean.
Asteburu honetan Huescan (Espainia) izan da, 85 kilometroko Treparriscos proban parte hartzen, Goierri zikloturismo elkartearen elastiko urdina jantzita. Probako partaide beteranoenetakoa izan da. Bigarren aldia zuen Treparriscosen, baina aurretik proba horren bertsio luzea den 205 kilometroko Quebrantahuesos entzutetsuan beste hogei alditan parte hartua da.
Bi proba horietan igo behar izan dituen aldapa gogorrez gain, makina bat gehiago ere igo ditu orain arte, eta aurrerantzean ere gehiago igoko ditu. Eta ez du bizikleta elektrikorik erosteko batere asmorik, gainera.
Txikitatik, bizikletan
Araian (Araba) 1944an jaioa eta Legazpira 9 urte zituela etorria, bere aita Romanengandik jaso zuen Langarika bezala ezaguna den gizon honek txirrindularitzarekiko zaletasuna. Txikia zela, Araian bertan hasi zen bizikletan ibiltzen, «nire osabei hartzen nien bizikleta, eta barraren azpitik hanka sartuta ibiltzen nintzen». Gero, neskentzako BH markako bat izan zutela ekarri du gogora, eta aitarekin «errelebotan» ibiltzen zela, «aita puntu bateraino joaten zen bizikletan, eta ni oinez; gero, han nik hartzen nuen bizikleta, eta aitak oinez jarraitzen zuen». Gauzak aldatu egin ziren bigarren bizikleta erosi zutenean, dagoeneko Legazpin zeudela. 13 urte zituen eta, orduan, biak batera ibiltzen ziren. «Batzuetan Zumaiaraino ere iristen ginen».
Txikitatik du barneratuta txirrindularitza Langarikak, eta makina bat kilometro egina da orain arte, «baina zikloturista bezala bakarrik, ez dut inoiz lehiatu. Lekuak ezagutzea eta turismo eta egitea dut gustuko». Zikloturistentzako proba askotan parte hartutakoa da, eta Urretxuko eta Zumarragako Goierri kirol elkarteko zikloturismo atalaren sortzaileetako bat da. Oraindik klubeko elastiko urdina janzten du.
Lekuak ezagutzeaz gain, lagunak ere egin ditu bizikletaren gainean. Jende askorekin ibili da urte hauetan guztietan zehar, baina Juan Luis Leache izan du eta du errepidekide nagusi. Azken aldian, Luis Tirapurekin eta Itziar Albisuarekin ere asko ibiltzen da.
Bestalde, aitak berarekin egin zuen bezala, Langarikak ere transmititu die bizikletarekiko zaletasuna ondorengoei, Teresa eta Juncal alabei. Hain zuzen, Teresarekin egin du azkenetako proba, «Errioxan (Espainian), Haron izan gara biok hilaren hasieran, Eroica proba klasikoan parte hartzen».
Bizikletatik aldenduta
Hainbeste urtetako ibilbidean izan ditu bizikleta utzi beharreko uneak Langarikak. Behin, bi urtez egon zen txirrindularitzatik aldenduta, 1979an Guillain-Barre sindromea diagnostikatu ziotenean. «Ez nuen indarrik besoetan eta hanketan, eta bi urteko errehabilitazioa egin behar izan nuen. Baina ahal izan nuen bezain laster hartu nuen berriz ere bizikleta. Etxean genuen Motoretta bat hartu nuen lehenengo… Indarra berreskuratu nuen, eta orain arte».
Duela 17 urte aldakan protesia jarri ziotenean ere utzi behar izan zuen txirrindularitza tarte batez. «Errekuperazioa ondo zihoala ikusita, medikuak Quebrantahuesoseko diploma eramateko eskatu zidan. Eta eraman nion, nola ez».
Ez du uzteko asmorik
Bizitzan zehar bizikletatik hainbatetan aldendu behar izan badu ere, gaur egun oso txirrindulari aktiboa da. Legazpin edozein tokitara joateko erabiltzen du, eta errepidera ere ahal duen guztietan ateratzen da, ibilaldi luzeak egitera, horiek dituelako gustukoenak.
Langarikak 45 urte daramatza federatuta, eta badaki egunen batean utzi beharko duela, «baina oraindik ez. 60 kilometro egiteko gai ez naizenean, 30 egingo ditut, edo 15… baina ez dut utziko, bizikleta dena da niretzako».