Jokin Gabilondo: "Realean lortu nezakeen guztia lortu dudala uste dut eta lasai noa"
Jokin Gabilondok (Urretxu, 1999) ez du Realean jarraituko. Zortzi denboraldi eman ditu. Amaitu berri den honetan, 39 partida jokatu ditu eta lau gol sartu ditu bigarren taldean.
Beti izan al zara futbol zalea?
Umetan ez nintzen bereziki zalea. Eskola kirolean izena eman arte, ez nuen kirol asko egiten. Eskola kirolean hasi nintzenean, futbola gustatu zitzaidan. Urolaren futbol eskolan lagunak baino beranduago hasi nintzen.
Atzelari postuan jokatu duzu Realean. Beti horrela izan da?
Futbol eskolan hasi nintzenean ez nuen postuen berri eta defentsan hasi nintzen, hor jarri nindutelako. Azkarrenetakoa nintzenez, batzuetan aurrerago ere jokatu nuen.
Noiz heldu zinen Realera?
Kostata izan zen. Futbol eskolatik pasa ondoren, Urolako kimu mailako talderako hartu ninduten. Hurrengo urtean, Realarekin entrenatzen hasi nintzen. Baina Urolarekin jokatzen nuen. Realarekin txapelketetara bakarrik joaten nintzen. Urte pare bat eman nituen horrela. Kadete mailan ondo aritu nintzen eta kadete mailako bigarren urterako Eibarren deia jaso nuen. Eibarrera joatea erabaki nuen. Urte hartan igo zen Lehen Mailara eta klubak ez zuen oraindik egun duen indarra. Entrenamenduetara gure autoan joan behar ginen, adibidez. Baina Eibarren kadete mailako taldea Urolarenaren gainetik zegoen eta probatzea erabaki nuen. Urte bat eman nuen Eibarren. Denboraldi ona egin nuen eta 16 urte azpikoen Euskadiko selekzioak deitu ninduen. Espainiako txapelketa irabazi genuen. Ondoren, Realak deitu ninduen. Ordutik, zortzi urte eman ditut Realean.
Nolakoak izan dira zortzi urte hauek?
Pixkanaka gora egin dut. Gazte mailako lehen urtean heldu nintzen Realean. Berehala alboko defendatzaile postuan ikusten nindutela esan zidaten eta postu horretara egokitzen saiatu nintzen.
Urte onak izan al dira?
Realaren harrobiaren aldeko apustua sendoa da eta elkarrekin hasi ginen askok bidea elkarrekin egin dugu. Harreman estua dugu. Jende ona da eta oso giro ona eduki dugu.
Egun lehen taldean daudenen artean, norekin jokatu duzu?
Nire adinekoen artean, Martin Zubimendi da gehien nabarmendu dena. Alex Sola ere nire adinekoa da. Biok postu berean jokatzen dugu, gainera. [Jon] Pacheco, [Jon] Karrikaburu eta [Ander] Barrenetxearekin ere jokatu dut.
Atzetik datozenen artean, nor uste duzu helduko dela lehen taldera?
Zaila da esatea. Jokalari batzuengan itxaropen handiak izan ditzakezu, baina lesioak eta egoera ezberdinak medio, ez dira heltzen. Denok dugu aukera, nahiz eta batzuekin apustu berezia egiten den, dohain bereziak dituztelako.
Aurten lehen taldearekin entrenatzeko aukera izan duzu, nahiz eta ezin izan duzun jokatu 23 urtetik gorakoa zarelako.
Ez nuen uste inoiz lehen taldearekin entrenatzera iritsiko nintzenik. Sekulako esperientzia izan da. Aurten orain arteko nire maila onena eman dut, baina bigarren taldeetan jokatzen dugun 23 urtetik gorakook ezin dugu lehen taldeetan jokatu. Pena izan da adinagatik jokatzeko aukera ez izatea, baina lehen taldearekin entrenatzea sari polita izan da. Lehen taldera iritsiko zela zirudien jende asko, ez da iritsi lesioengatik edo jarreragatik. Nik ez nuen uste heldu naizen tokira iritsiko nintzenik. Nire kezka bakarra nire onena ematea zen eta eman dudala uste dut. Oso lasai noa. Realean lortu nezakeen guztia lortu dudala uste dut.
Eta orain, zer?
Denboraldi polita egin dut eta eskaintza politen bat edukiko dudala uste dut. Lasai nago. Ilusio handia dut, baina beldur apur bat ere bai. Zortzi urte eman ditut Realean: etxetik gertu, gurasoen etxean, lagunengandik eta neska lagunarengandik gertu…
Malaga taldearen eskaintza jaso duzula entzun da.
Itxaroten ari naiz. Liga duela gutxi bukatu dugu, klubak oraintxe hasi dira datorren denboraldia prestatzen… Datozen bizpahiru urteetako etorkizuna dago jokoan. Eskaintza ezberdinak jasotzen ditudanean, onena iruditzen zaidana aukeratuko dut. Realaren bigarren talderako 24 urterekin zaharrak gara, baina oraindik gazteak gara. Realetik kanpo gauza politak egiteko gai izango garela uste dut.
Realak fitxatu duen lehen jokalariak zure postuan jokatzen du. Eta zure postuko [Andoni] Gorosabel eta Solaren lanak jaso du kritika gehien.
Reala Bigarren Mailan egon zen garaia gertu dugu, baina egun Txapeldunen Ligako talde bat da. Gorengo mailan lehiatu behar du eta hori kontuan izan behar da. Lehen Mailako talde batean jokatzea zaila da, baina Realean are eta zailago. Baina hor daudenek merituak egin dituztelako daude Lehen Mailan.
Zein da Realean egin duzun lagun onena?
Ezin dut bakar bat esan. Zortzi urte hauetan oso lagun onak egin ditut. Bai bertan jaiotakoak eta bai kanpotik etorritakoak sekulako pertsonak dira. Dena dena, aurten inoiz baino giro hobea izan dugu.
Jokalari onena, zurekin jokatu dutenen artean?
Martin Zubimendi. Ni heldu nintzenerako, nabarmenen artean zegoen. Selekzioan ere elkarrekin jokatu genuen. Realean ez dugu gehiegi jokatu elkarrekin, beti zaharragoekin aritu baita. Apur bat kosta zitzaion Lehen Mailara iristea, baina argi zegoen iritsiko zela: bere lan egiteko eragatik, seriotasunagatik eta umiltasunagatik, batez ere. Futbolerako sekulako dohainak ditu, baina aipatu ditudan beste dohain horiek ere oso garrantzitsuak dira. Batzuk, futbolerako dohainak izan arren, ez dute Lehen Mailan mantentzea lortzen. Martinek mantentzeko gai dela erakutsi du. Ez hori bakarrik: Kopa irabazi du, Txapeldunen Liga jokatuko du, Premier Leagueko taldeen eskaintzak jaso ditu, Espainiako selekzioarekin jokatu du…
Zer diozu Imanol Alguacilez? Bere aginduetara entrenatzeko aukera izan duzu.
Sekulako entrenatzailea da. Sekulako lana egiten ari da. Jokalari bakoitzari duen onena ateratzen dio. Sekulako meritua du. Urtero Europan jokatzea normalizatu egin dugu, baina ez genuke halakorik egin behar: Europan jokatzeko sailkatzea asko kostatzen da. Realak Europan jokatu ahal izateko, beste asko kanpoan gelditu dira.
Realaren entrenamenduak dioten bezain gogorrak al dira?
Bai. Imanolek bakoitzari duen onena ateratzen dio. Horretarako asko eskatzen digu: duguna eta gehiago. Hor dago Realaren arrakastaren gakoa.
Ikasten ari al zara?
Bai. Irakasle-ikasketak egiten ari naiz. Deustun gradu bikoitza hasi nuen (irakasle-ikasketak eta jarduera fisikoa), baina bigarren taldearen entrenamenduak goizez dira eta eskoletara joateko zailtasunak izan nituen. Online ikasten ari naiz, Errioxako Unibertsitatean. Lehenbailehen amaitu nahi dut, baina oraindik ez dut presarik, futbola utzi arte ezingo baitut irakaskuntzan lan egin.