Udaberriari agur esateko feria berritasunez beteta agertu da
Puntu-puntuan, San Joan bezperarako iritsi da izen bereko sagarra. Piper denboraldia ere hasi da, piper min eskaintza handiarekin, eta piper berde italiar eta morroarekin. Tomateak ere hasi dira ugaritzen plazako postuetan.
Udaberriko azken orduetan egindako feria izan da gaurkoa, arratsaldean dagoneko uda delako. Urtaroaren agur hori berritasun ugariz lagunduta joan da, baita Plaza Nagusian eta inguruko kaleetan asteazkenero izaten den giro bereziarekin ere.
Berritasunak barazkien eta fruten ataletan ikusi dira, eta aipagarrienenetakoa, puntu-puntuan iritsi den San Joan sagarra . San Joan egunaren inguruan heltzen den sagar mota da hori, eta aurten eguraldiak atzeratu egingo zuela bazirudien arren, bere garaian iritsi da, Itsasoko Eztala-goikoa baserrian behintzat. Maria Jesus Oriak zuen salgai 2,5 euroan kilo bakoitza.
Oriaren postuan eguneko beste protagonistetako bat ere eros zitekeen, piper mina. Ale gutxi batzuk eraman ditu itsasoarrak, baina plazan izan da kantitate handiagotan salgai, hala nola, Aramako Patxi Arizmendiren eta Lourdes Barojaren postuan, eta Ibarrako Montesenekoan. Azken postu honetan joan den astean ere bazuten «Ibarrako langostinoa». Deitura horren jatorria Patxi Izagirrek eta Arantxa Iparragirrek azaldu dute: «Duela urte batzuk Ibarrako Txurrita tabernako Juanito Urruzolak asmatu zuen, eta oso famatu egin da gerora». Mikel Lasak ere bazituen piper minak. Negutegikoak batzuk, kanpokoak besteak, kiloak 10-14 euro egin du.
Piper kontuekin jarraitu behar da, piper morro berdea eta piper berde italiarra ere bazeudelako salgai. Baroja-Arizmendik eta Izagirre-Iparragirrek zituzten, kiloa 4-4,5 euroan.
Luzokerrak eta kuiatxoak
Barazki berri gehiago ere aurkeztu dituzte gaur goizean, luzokerra eta kuiatxo zuria horien artean. Banaka erosita, 0,80-1 euro balio zuen bakoitzak, eta kiloka, 4 euroan lehenak eta 3 euroan bigarrenak.
Tomate mota berri bat ere iritsi da, gerezi tomatea, txikia, borobila eta gorria. Zeraingo Iñaki Intxaustik zuen, kiloa 7 euroan. Tomate eskaintza, bestetik, hazten doa astetik astera, eta Uzinez gain, beste saltzaile batzuk ere badituzte, baina negutegikoak dira oraindik.
Eta produktu berriak iristearekin batera, beste batzuk erretiratzen hasita daude. Gaur goizean denboraldiko azken babak saldu dituzte, kiloa 4 eta 5 euro artean, eta ilarrak ere agortzen ari dira (10-11 euro).
Perretxiko ugari
Perretxikoen atala ere ugaria da azken asteotan, eta honetan berritasunik izan ez bada ere, aipatzekoak da salgai jarritako ziza kopurua, 215 kilo, 15 eta 38 euro artean kiloa.
Beste 43 kilo ziza hori (15-20 euro), 60 kilo onddo (15-32 euro), 2,5 kilo gorringo (38-42 euro), karraspina kiloa (40 euro) eta boilurrak (200 euro kiloa) ere jarri dituzte salgai Lasa eta Barcinaren artean.
Loreak eta eguraldi kontuak
Garai honetan asko dago jokoan baratzetan eta soroetan, eta eguraldiari begira egoten dira baserritarrak. Plazan izan direnak ere horretaz hitz egin dute, bereziki azken egunetan erortzen ari diren euri zaparraden inguruan. Euri askotxo dela diote, eta oraindik kalterik egin ez badu ere, orain eguzkia behar dela esan dute. Bihartik aurrera eguraldiak hobera egingo duela ere esan dute, eta horrela bada, gorrinaren gaitza saihesteko moduan izango direla ere bai. Ea horrela den.
Loreek ere behar izaten dute eguzkia, eta horien zain, poliki-poliki agertzen doaz berriak ferian. Gaur gladioloak ikusi dira, Aramako Miren Jauregiren postuan eta herri bereko Goiko Etxeberri baserrikoan. Sortak 4 eta 5 euro artean jarri dituzte salgai.