Miguel Aparicio, fan, prestatzaile eta askoz gehiago
Xabi Zurutuzaren ondoan dago beti, eta lasterketa guztietara joaten da, laguntzera. Portimaon dituzte hurrengoak, uztailaren 2an.
Xabi Zurutuza moto pilotuak laguntzaile paregabea du ondoan, Migel Aparicio. Bere osaba, laguna, fan handiena eta prestatzaile fisikoa da, «pack osoa».
Aparicio zirkuitu guztietara joaten da Zurutuzarekin, eta pistan egoten da, «behar duenerako: ura emateko, kaskoa garbitzeko, monoa eramateko, lasterketa aurretik kontzentratzen laguntzeko…». Legazpin daudenean ere bera arduratzen da gimnasioan pilotuak egiten duen entrenamenduaz.
Portimaoko (Algarve, Portugal) lasterketetara begira daude orain. Uztailaren 2an jokatuko dira, baina aurretik joango dira biak. «Probak igandean dira, baina gu asteartean joango gara, lasai-lasai kotxean 10 orduko bidaia egiteko. Asteazkenean zirkuitura joango gara, nola dagoen ikusteko, zuloak dauden, non dauden… guztia apuntatu eta lasterketa egunean kontuan hartzeko. Osteguna eta ostirala entrenamenduak egiteko izango dira, bere motorrarekin eta ekipoaren laguntzarekin… motorra ondo dagoen ikusteko, eta akatsak badaude, zuzentzeko. Larunbatean, sailkapen lasterketak egingo dituzte, poleari eta irteera postuei begira. Eta igandean, lasterketak. Lasterketen aurretik lasai egoteko esaten diot, kamioian sartuta, musika entzuten… Amaitutakoan elkartzen gara familiakoekin eta lagunekin».
Portimaoren ondoren, Bartzelonako Montmelo etorriko da uztailaren 16an, bi lasterketekin. Urriaren 8an Aragoiko Motorland-en lasterketa bakarra izango dute. Eta denboraldia amaitzeko, azaroaren 5ean Valentziako Ricardo Tormo zirkuituan beste bi lasterketa izango dituzte.