Goierritarrei AHTaren aurka mobilizatzeko dei egin diete
Stop AHT zundaketak ekimenak Goierrin egiten ari diren lanen aurka mobilizatzeko deia egin du. Lakuntzan (Nafarroa) elkarretaratzea egingo dute, asteartean
Stop AHT Zundaketa plataformak elkarretaratzea antolatu du astearterako, Lakuntzako (Nafarroa) plazan, 19:00etan. Goierritarrei bertan parte hartzeko deia egin diete, eskualdea “mehatxupean” dagoelako. Abiadura Handiko Trenaren lanak egiteko zundaketa “uholdea” iragarri dute eta prospekzio hauek geldiarazteko eskatuko dute.
AHT Gelditu, Landarlan, Otsotar, Sakana Trenaren Alde eta Sustrai Erakuntza fundazioa batzen dituen plataformak dio “zentzurik gabeko proiektua” dela egiten ari direna. “Benetako konponbideak” daudela gaineratu dute, “bideragarriak eta egiaztatuak”. Trenaren egungo trazadura berrerabiltzea, egotzea eta hobetzea proposatu dute.
Nafarroako korridorearen eta Euskal Y-aren arteko lotura egiteko zundaketa lanak hasi ditu Espainiako Gobernuak azken asteetan Aralar mendilerroan. Zundaketak egin dituzte Ataunen, besteak beste. Tartean, lursail pribatuetan.