«Ikusi nuen Tourreko lehen etapa Nazabalek irabazi zuena da»
ñaki Urdangarin (Zumarraga, 1956) urtero joaten da Frantziako Tourra ikustera. Hasieran lagunekin joaten zen eta gaur egun emazte Axunekin joaten da. Aurten, Euskal Herritik abiatzen denez, inoiz baino etapa gehiago ikusiko ditu. Bilboko eta Baionako etapak ikusiko ditu, eta Pirinioetara ere joango da.
Goierritik pasatzen den etapa uztailaren 2an izango da, Santa Isabel egunean. Eta Santa Isabel egunean ez dago zumarragarrak Antiotik mugituko dituen ekitaldirik.
Noiz joan zinen lehenengoz Tourra ikustera?
Ikusi nuen lehen etapa Nazabalek Gasteizen irabazi zuena da. Zumarragako jaiak ziren. Lagunok Altsasura joan ginen, Tourra ikusi genuen eta herrira itzuli ginen. 21 urte nituen.
Ordutik, zenbat aldiz joan zara?
1985ean joan ginen bigarrengoz. Luz Ardidenera joan ginen. Pedro Delgadok irabazi zuen, Seat Orbea taldearen maillotarekin. Ordutik, ia urtero joan naiz. Ama hil zen urtean, 1990ean, ez nintzen joan. Pandemiaz geroztik ere ez naiz joan. Hasieran pandemiagatik eta iaz Frantziako Tourra baino egun batzuk lehenago positibo eman nuelako.
Egun emaztearekin joaten zara.
Bi egunetarako, egun bakarrerako, kuadrillakoekin, bakarrik, emaztearekin… joan naiz. Azken hamabost urteetan, gutxi gorabehera, emaztearekin joan naiz. Beti Pirinioetara joan naiz. Emazteak eta biok hotela hartzen dugu eta bizikleta eramaten dugu mendateren bat igotzeko.
Mendate asko ezagutu dituzue. Zein da politena?
Tourmalet eta beste asko zoragarriak dira, baina Cauterets-en beste inon baino hobeto pasa genuen. Sekulako beroa egiten zuen eta erreka ondoan geunden. Ikusle asko errekara jaitsi ginen bainatzera.
Zer du berezia Tourrak?
Handitasuna, giroa… Urtero jende ezaguna ikusten dugu, bizikletan mendatea igotzen ari garenean animoak eta edaria ematen dizkigute… Behin Vuelta ikustera joan ginen eta txirrindulariak heldu baina ordu gutxi batzuk lehenago helmuga muntatu gabe zegoela ikusi genuen. Harrituta gelditu ginen eta ea zer gertatzen zen galdetu genien. Gure laguntza ere eskaini genien.
Beti Pirinioetara joan zarete. Ez al duzue Alpeak ezagutzeko gogorik?
Beti esaten dugu egunen batean Alpeetara joan behar garela. Emaztea jubilatutakoan beharko du. Belgikako eta Herbehereetako klasikoak ikustera ere joan nahi dugu.