Munduko zalerik onenak
Tourra, Frantziako Tourra, hitz hori entzutean nire burua gure karabana zaharrera joaten da. Txikia nintzen garaietara, oporretara joan eta urte batean telebista txiki portatil bat eraman genuenera. Gurasoek esan ziguten soilik Tourreko mendiko etapak ikusteko balio zuela aparatu hark, eta anaiak eta nik, sinistu.
Nik uste denok ditugula Tourreko Pirinioetako etapetako irudiak gure irudimenean iltzatuta. Zaleak, zale asko, errepide bazterrak beteta, ikurrina eskuan pasatako txirrindulari guztiak animatzen. Behin baina gehiagotan alderatu dute Zegama-Aizkorriko Sancti Spirituko igoera Tourreko Tourmaleteko igoerarekin. Zalantzarik gabe euskal zaleen ondorioa da hori.
Ez naiz txirrindularitza zalea, baina komunikazioa bai, komunikazioa gustatzen zait. Azken urteetan kirol komunikazioarekin lotuta nago. Inork ezin du ukatu mundu mailan urtero egiten den kirol ekitaldi garrantzitsuena dela Frantziako Tourra. Bi mila kazetari akreditatutik gora, mundu mailako seinalea emango du EiTBk taldeen aurkezpenean eta hori guztia barrutik bizitzeko aukera ematen ari zait Grand Départ Pays Basque 2023ko komunikazio taldean lana egiteak. Komunikatiboki izugarrizkoa da ekitaldiaren oihartzuna. Beraz, disfruta dezagun kirol festa honetaz. Gure herriko kaleetara atera gaitezen eta guztiei erakutsi diezaiegun beste behin munduko zalerik onenak garela.