Su Eskolaren aholkuak San Joan su segurua egiteko
San Joan sua Zaldibiako plazan, iaz. // Argazkia: Iñaki Gurrutxaga San Joan bezperako suen inguruko segurtasun aholkuak zabaldu ditu Su Eskola Fundazioak. www.sueskola.eus webgunean daude xehetasunak.
Bederatzi jarraibidetan laburtu dituzte San Joan su seguruak egiteko aholkuak: sua egiteko gune segurua prestatzea, eraikinetatik eta ibilgailuetatik urruti; argindar eta telefono sareetatik urrun egitea sua; sua barreiatu ez dadin, sua egingo den eremua aldez aurretik garbitzea; sua egiteko materiala lau metro baino gehiago ez pilatzea; haize handia egiten badu surik ez piztea; sua pizteko papera eta lasto lehorra erabiltzea, eta ez gasolina bezalako likido sukoiak; helduek gainbegiratzea sua; inguruan itzalgailu edo mauka bat izatea prebentzio neurri bezala; azkenik, txingarrik edo hausberorik piztuta gelditzen ez dela egiaztatzea eta lurrez edo hondarrez estali sua egindako tokitik alde egin baino lehen.













