Suak bilduko ditu herritarrak
Goierriko herri guztietan eta auzo eta baserri askotan piztuko dute San Joan sua gaur. Segura eta Olaberria herriko jai nagusietan murgilduta daude.
Denborak oso azkar egiten du aurrera, eta ia oharkabean igaro den urte beteren ondoren, hemen da berriz ere San Joan bezpera. Euskal Herrian tradizio handia duen eguna da gaurkoa, eta udari ongi etorria emateko egiten den suaren inguruan festa giroan elkartzeko deia egiten duena. Goierriko herri guztiek betetzen dute sua pizteko ohitura hori, baita makina bat auzok eta baserrik ere.
Aurten, azken egunetako euriak ikusita, eguraldiaren beldur zegoen jendea, baina dirudienez, sua piztea eta ondorengo festa errespetatuko ditu, eta udako giro bete-betean joango da gaua.
Honezkero, sua egiteko egur pilak prest daude plaza askotan, baita San Joan egunaren inguruko beste ikur bat jarrita ere, San Joan makila edo enborra, puntan lizar adarra, ikurrina eta goraino igotzeko balentria egiten duenarentzat saria dituela.
Egur pilaketa zein enborra jartzea herritik herrira aldatzen den ohitura da, eta batzuetan udala arduratzen den bezala, beste batzuetan auzolanean egiten dute. Suaren aurretik eta ondotik egiten diren ekitaldiak eta festak ere, garrantzi handiagoakoak edo txikiagokoak dira, baina modu batekoak edo bestekoak izanda, guztiek dute helburu gau magikotzat hartzen den honetaz gozatzea. Gainera, musikarik eta dantzarik ez da faltako toki gehienetan.
Goierrin, makina bat festa
San Joan, bestalde, herri askotako zaindaria da, eta ekainaren 24aren inguruan ospatzen dituzte jai nagusiak horietan. Goierrin ere badira bi herri, sanjoanei hestuki lotuak: Segura eta Olaberria. Biak daude murgilduta festetan egun hauetan.
Hainbat auzotan ere ospatzen dituzte sanjoanak, eta Ataungo Arrondon, Ordiziako Otegienea-Majorin eta Legazpiko Telleriarten ekitaldiz bete dituzte eguna eta horren ingurukoak.
Urretxun ere egun kuttuna da San Joan, eta gaurtik, bezperatik hasita, festa giroan murgilduko dira herritarrak. Aipatzekoa da Santa Barbara auzoan bihar egingo duten egun osoko erromeria.