Tourra badator
Uztailaren 2an Frantziako Tourraren bigarren etapa pasako da Goierritik. Gasteiz eta Donostia arteko bidean 34 kilometro egingo ditu tropelak eskualdean. Aurrez beste bi alditan ere pasatu da Tourra: 1977an eta 1992an.
Munduko txirrindulari probarik ospetsuenak, Frantziako Tourrak, Goierri zeharkatuko du uztailaren 2an. Tourraren ikuskizuna bertatik bertara ikusteko aukera izango dute goierritarrek. Aurretik ere, beste bi aldiz pasatua da Tourreko tropela Goierritik: 1977ko uztailaren 3an Gasteiz eta Seignosse arteko 256 kilometroko etapan eta 1992ko uztailaren 5ean, Donostia-Donostia 194,5 kilometrokoan. 1986an Etorkizuneko Tourra ere pasatu zen, Jokin Mujika itsasondoarrak etapa bat irabazi zuen urtean.
1992an Donostian hasi zen Frantziako Tourra. Lehenengo etapako erlojuz kontrakoaren ondoren, hurrengo egunean Donostiako Klasikoaren antzeko ibilbidea osatu behar izan zuten txirrindulariek. Tartean zen, Once taldeko Xabier Aldanondo txirrindulari ohi goierritarra. Etxe ondotik, Beasaindik, tropelari tiraka pasatu zen bigarren postuan, Juantxo Unanuaren argazki batean ikus daitekeenez. Datu horretaz ez da gogoratzen Aldanondo, baina «baleike» dio, ondo baino hobeto gogoratzen baita egun hartako etapaz: «Egun hartan tiratzea tokatu zitzaigun. Donostiako lehen etapa Migel Indurainek irabazi zuen eta elastiko horiarekin bera irten zen. Baina Zarautzen segundo batzuetako gainsaria lortu zuen Alex Zulle taldekideak, eta etapa horrela bukatzen bazen, lider jarriko litzateke Zulle. Ihesaldiren bat izan zen eta tokatu zitzaigun bai tiratzea». Helburua beteta, Zullek elastiko horia eskuratu zuen.
Garai hartan Donostiako Klasikoak egiten zuen antzeko ibilbidea osatu behar izan zuten Gipuzkoan barrena. Aurten, lasterketaren beste aldean, ikusle, egongo da Aldanondo. «Beasaingo kaletik pasatzen zaigu; 1992an kanpotik pasatu ginen. Bazterren batean ikusi beharko dugu pasatzen hona datorrenez!». Oraindik uztailaren 2ko plana erabat zehaztu gabe badu ere, «pentsatzen dut Beasaindik mugituko naizela Larraitz edo Aztiria aldera. Beasaingo kalean ziztu batean pasatuko dira eta».
Berezietan bereziena
Txirrindu lasterketa askotan parte hartu du Aldanondok, eta garbi du, esaten den bezala, Frantziako Tourra berezietan bereziena dela. «Gure garaian behintzat bai, eta orain nik uste dut gehiago. Tourretik beste karreretara alde handia dago. Bai lehen, eta gaur egun ere bai. Alde askoz ere handiagoa dago gauza guztietan. Ekipo mailan ere helburu bezala beste maila bat dauka Tourrak. Normalean taldeek lider guztiak eramaten dituzte, eta Tourreko etapa batek gaur egun asko balio du».
Tourrak sortzen duen ikuskizuna ere «ikaragarria» da. Mundu guztiko telebistetan tokia izaten du Tourrak. «Espektakulu aldetik ere ikaragarria da. Bai tropelean zoazela, eta bai kanpotik ikusteko. Ikusten duzu errepideak eta ze ordutan itxiko dituzten; 4-6 ordutan itxita egongo dira. Beste karrerekin konparatuta ez dauka zerikusirik».
“Gozatu, baina ordenean”
Joseba Beloki Goierriko txirrindulari ohia da 2023ko Frantziako Tourra Goierritik pasatzearen «errudunetako» bat. Hego Euskal Herriko hiru etapetako ibilbidea osatzen aritu den txirrindulari ohien taldeko kide izan baita. «Ibilbidearen koordinazio taldetxo horretan izan naiz, eta tokatu da ni bizi naizen hiritik atera [Gasteiz] eta hainbeste kilometro egin izan ditudan Aramaio, Arrasate… inguru horretatik pasa eta Donostiako bidean Goierritik pasatzea…. Sekulakoa da. Ibilbidea etxean daukat enmarkatuta, gordeta betirako, sekulakoa izango da». Txirrindulari ohiak gaineratu duenez, «nik uste dut pozik hartu behar dugun zerbait dela. Sekulako proiektua da. Eta dudarik gabe, 1992an Donostiatik atera zenetik urte dezente pasa da eta nik uste dut Euskal Herriko zaleek eta gizarteak behar zutela Tour hau». Ibilbidearen norabidea aukeratzeko lan horretan, Belokiren ustez Goierrik ere badauka zeresana. «Ordiziako proba dela eta, jendeak eta profesionalek ezagutzen dute Goierri».
1992an Goierritik Tourra pasatu zenean, Salbatoreko bidegurutzean egon zen Beloki tropelaren zain. «Oroitzapen oso politak dira». Aurten, ordea, ez du Tourrik Euskal Herrian ikusterik izango. «Semea txirrindularia da eta egun horietan Espainiako Txapelketak jokatuko dira Cartagenan (Espainia). Aste osoa han pasatu beharko dugu. Pirinioetako etapatara joango gara. Pena da baina…». Beraz, «aurretik egindako lanarekin eta euskal herritarrek gozatzearen pozarekin» geratuko da Beloki. «Seguru asko guk ez dugu beste Tourreko Grand Departik [hasiera] ikusiko. Tourra pasako da seguru asko Euskal Herritik, baina Grand Departik ez».
Frantziako Tourraren Euskal Herriko Grand Depart edo Irteera Handia «jendetsua» irudikatzen du Belokik. «Nik uste dut txoko guztietan jendea egongo dela, etapak ere horretarako pentsatuta daude, jendeak toki askotan gozatu ahal izateko. Seguruenik jendetza ikusiko dugu kilometro bakoitzeko». Hori bai, «nik eskatzen dudana da, jendeak Tourraz disfruta dezala, baina ordenean. Gauzak aldarrikatzeko momentua izango da, kanpokoei euskaldun sena ezagutzera emateko. Baina ordenean. Pentsa Aztiritik Tolosaldera arteko ibilbidean zenbat bidegurutze dauden, jendetza tope egongo dela, baina ordenean egon dadila». Beldurrik handiena Bilboko etapak ematen dio. «Txirrindularitzako kultura ez duenarekin beldur naiz, batez ere lehenengo etapan, Bilbokoan. Presio oso-oso handia izango da». Alegia, duela bi urteko Tourraren irteeran kartel bat gehiegi errepidera ateratzeagatik izandako txirrindularien erorketarik ez dadila izan.
Beloki ziur dago, berak 1992koa gogoratzen duen bezala, «ahaztuko ez den» egun horietako bat izango dela uztailaren 2koa. «Nik uste dut denok gogoan gordeko dugula egun hori».
Aztiritik barrena
Udanatik gora iritsiko da Tourra. Aztiria izango da igoko duten bigarren gaina. Juan Ramon Goikoetxea aztiriarra hantxe egongo da tropelaren zain, ilusio handiz, txirrinduzale amorratua da eta. «Tropelean iloba [Alex Aranburu] pasako balitz, perfektua izango litzateke. Etxeko denok pankarta handi bat egiten ari gara zelaian jartzeko». Ion eta Gorka Izagirre anaiak ere ezagunak ditu, eta haiek ikusteak ere ilusioa egingo dio. Beasaingo [Joseba]Beloki peñakoa izanagatik, behin bakarrik izan da Goikoetxea Tourra ikusten. «Iaz Andorrara joan nintzen. Mundiala da». Uztailaren 2an, etxe atarian ikusiko du.
Aldarrikapenerako deia
Tourraren oihartzuna munduko txoko guztietara iristen dela aprobetxatuz, errepide bazterretara ikurrinekin ateratzeko deia egin dute hainbat erakundek eta eragilek. Egunotan ikurrinak banatuko dituzte herrietan. Gure Eskuk ere «inoiz egin den ikurrinik handiena» egiteko diru bilketa egin du. Sarek ere presoen etxeratzearen aldeko aldarrikapena eramango du Tourreko Goierriko ibibidera.