Zaldibiako plazarako diseinu-proposamenak gaur aurkeztuko dituzte
EHUko eta Austriako Innsbruckeko Unibertsitateko ikasleek eta Xotil Natke irakasle zaldibiarrak erakutsiko dituzte prestatu dituzten osagaien eta eremuen prototipoak.
Zaldibian etorkizuneko plazaren antolaketa eta diseinua irudikatzeko aukera izango da gaur, 17:00etatik aurrera, plazan bertan egingo duten aurkezpenarekin. Innsbruceko Unibertsitateko eta EHUko arkitektura ikasleek gaur amaituko dute bi asteko egonaldia. Aurreko lanketetatik abiatuta, eta herriko eragile nahiz norbanakoen iritziak entzunda, azken proposamena borobildu dute, eta horren berri emango dute.
Ekitaldia gaur 17:00etan hasiko da. Xotil Natke arkitekto eta irakasle zaldibiarrak prozesuaren laburpena egingo du lehenik. Plaza eremu guztia zazpi gunetan banatuta lan egin dute, arkitektura ikasleak zazpi taldetan banatu eta bakoitzak atal hori diseinatu ahal izateko.
Ikasle talde bakoitzak, eremu horietako bakoitza azalduko du, prozesua nola izan den eta zer diseinatu duten herritarrei esplikatzeko eta erakusteko. Prototipoak jarriko dituzte lekuan bertan: altzariak, jolas parkeak, elementuak… Batetik bestera, erakusketa mugikorra izango da, elementu horiek bisitatzeko herritarrekin batera.
“Berez, plaza guztia erakusketa erraldoi bihurtu nahi da. Zazpi guneetan planak eta bisualizazioak egongo dira, argazki muntaiak, eremuak nola izango diren jendeak ikusteko. Errealitate birtualeko betaurrekoak ere egongo dira, plaza guztia jantzita nola geratuko den irudikatzeko”, aurreratu du Natkek.
Plazaren dimentsio osoa
Udalaren eskariz, Zaldibiako plazaren eremu osorako proposamenak ondu dituzte. Bertan zer osagai, non eta nola banatuta, eta nolakoak aztertu dituzte. Eskalan eraikitako prototipoen bitartez irudikatu ahalko da itxura, materialak edo kokapenak.
Egunean zehar, umeekin espazio eta gune ezberdinak margotuko dituzte, koloretan, ulertzeko errepidea nola planteatzen den, terrazen banaketa berria nola edo berdeguneak non jarriko liratekeen. Aurkezpenaren ondoren, erakusketa ostiralean kanpoan egongo da, jendeak ikusi ahal izateko. Asteburuan udaletxeko solairu ezberdinetan kokatuko dituzte prototipoak, eta bi astez han edukiko dituzte. Datorren astean, Innsbruckeko Unibertsitatean ere aurkeztuko dute proiektua.
Ondoren, udan planoak eta txostena zehaztu, eta Zaldibiako Udalari entregatuko diote. Ideia horiek egikaritzea izango da hurrengo zeregina.