HHI zentroan helduentzako gela digitala jarriko dute
Kualifikazio maila baxua duten helduei oinarrizko prestakuntza digitala eskainiko zaie. Izen-ematea irailaren 1etik 15era izango da eta 55 urtetik gorakoek izango dute lehentasuna
Beasaingo Helduen Hezkuntza Iraunkorra (HHI) zentroan helduentzako gela digitala jarriko dute datorren ikasturterako. Geroz eta gizarte digitalago honetan, ezinbestekoa bilakatu da teknologia erabiltzen jakitea. Digitalizazioak aurrerapausoak ekarri dituen arren, badago horren ondorioz atzean gelditu denik ere: teknologia erabiltzen ez dakien jendea. Adindun pertsonak dira digitalizazioaren zeharkako ondorio zuzenenak pairatu dituztenak, eta horiei laguntzeko sortu da egitasmo hau.
Azaroan aprobatu zuten trebakuntza digitalerako zentroen sare bat sortzeko proiektua. Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Prestakuntza Profesionaleko Ministerioaren eta autonomia erkidegoen arteko akordio baten bitartez. Proiektua finantzatu dutenen artean dago Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioa, Europar Batasuna eta Next Generationeko funtsekin batera. Denera, 30 milioi euro banatu dituzte.
Proiektu honen helburua kualifikazio maila baxua duten helduei oinarrizko prestakuntza digitala eskaintzea da. Batez ere, adindunei oinarrizko konpetentzia digitaletarako sarbidea eta prestakuntza erraztea, haien bizilekua edo bizilekua edozein izanda ere. 18 urtetik gorako edonor joan daitekeen arren, 55 urtetik gorakoek izango dute lehentasuna.
Zerbitzu honek kudeaketa desberdinak egiteko administrazioekin komunikatzen erakutsiko die izena eman dutenei: medikuari aldez aurreko hitzordua eskatzea edo errenta aitorpena kontsultatzea, online banka maneiatzea, erosketa seguruak egitea, bideo deiak egitea, gailu elektronikoak erabiltzea edo iruzur saiakerak identifikatzea, beste batzuen artean.
Euskal Herriko zenbait herritan jarriko da martxan egitasmoa. Beasainez gain, Tolosan ere egingo da, esaterako. Beasaini dagokionez, izena emateko epea irailaren 1etik 15era izango da, 09:00etatik 13:30era. Ordutegia eta egunak oraindik zehazteko badaude ere, jakinarazi dute arratsaldez izango direla, astean ordu eta erdiko bi saio. Plazak mugatuak izango dira.