Landarlanek sendabelarrak eta saguzarrak ezagutzeko saioak antolatu ditu
Lehen seihilekoa borobiltzeko bi ekintza antolatu ditu Landarlan ingurumen elkarteak
Landarlan ingurumen elkarteak sendabelarrak eta sagurrarak ezagutzeko saio bana antolatu du aste honetarako.
Sendabelarrek dakitena liburua aurkeztuko du Garbiñe Larrea naturopatak. Larreak berak idatzi du. Aurkezpena asteazkenean izango da, ekainaren 28an, 19:00etan, Lazkaoko Biziola fabrikan. “Ekintza honen bidez, bertako baliabideen ezagupena, balorazioa eta erabilpen arduratsua sustatu nahi ditugu. Kasu honetan, sendabelarrena”, laburbildu dute Landarlanetik. “Gure artean eta munduko leku askotan historiaurretik gizakiak ezagutu eta erabili ditu bere osasuna zaindu edo berreskuratzeko. Gainera, sendabelarrak biodibertsitateak sortutako onuratzat aintzat hartzea nahi genuke”.
Saguzarren gaua egingo dute ostegun iluntzean, ekainaren 29an, Ordiziako Oiangu parkean. Familiei zuzendutako ekintza izango da. Erakusketa eta detekzio ibilaldia egingo dituzte. 21:15ean elkartuko dira Oiangu baserri aurrean eta handik oinez Ordizia aldera jeitsiko dira, saguzarren deiak entzunez. “Ekintza honen bitartez saguzarren ezagupena eta beren biziraupena babestea bultzatu nahi ditugu”. Ekintza hau Ordiziako Udalak babestu du eta Naturtzaindia elkartearekin elkarlanean burutuko dute.